Euri-ura jada ez da edateko modukoa

‘Environmental Science & Technology’ aldizkarian argitaratu berri den azterlan baten arabera, Lurrean ez dago euria seguru edateko tokirik

Euri-ura jada ez da edateko modukoa. Ez gurean ezta Antartikan edo meseta tibetarrean ere, Lurreko lekurik urrunenetako batzuk. Hori da, hain zuzen ere, Estokolmoko Unibertsitateko eta Zuricheko ETHko ikerlariek ‘Environmental Science & Technology’ aldizkarian argitaratu duten azterlan batek ondorioztatu duena.

Aipatu ikerlanaren arabera, euri-ura kutsatuta dago perfluoroalkilatutako eta polifluoroalkilatutako substantziekin (Perfluoroalkyl chemicals -PFAS ingeleseko siglen arabera). Substantzia horiek Forever chemichals (betiereko substantzia kimikoak) izenarekin ezagutu ohi dira oso modu geldoan desegiten direlako. PFASak atmosfera osoan zehar sakabanatzen dira eta, ondorioz, euri- eta elur-uran aurki daitezke non-nahi. Ikerketaren buru den Ian Cousinsek azaldu duenez, “gure neurketen arabera, Lurrean ez dago euria seguru edateko tokirik”.

Ikertzaile-taldeak azken hamarkadan atmosferan den PFASen kopurua aztertu du. Ikusi ahal izan dutenez, horietako batzuen kontzentrazio-maila ez da nabarmen jaisten ari, nahiz eta fabrikatzaile nagusiak, 3Mk, duela 20 urte horiek erabiltzeari utzi zion. Orduz geroztik, gainera, substantzia kimiko horien arriskuari buruzko informazio gehiago jaso da. Aurkikuntza horien ondorioz, nabarmen jaitsi dira PFASen erreferentziazko balio onargarriak edateko uretan, azaleko uretan eta lurzoruetan.

Berriki, Ingurumenaren Babeserako Estatu Batuetako Agentziak (EPA) gomendagarriak diren PFAS mailak modu esanguratsuan murriztu ditu. Izan ere, aipatu substantzia horiek txertoen aurrean haurrek izan dezaketen erantzun immunitarioan eragin dezaketela aurkitu dute.

Gainera, zenbait ikerketak agerian utzi dutenez, horrelako substantzia kimikoen eraginpean egoteak ugalkortasun-arazoak, haurren garapenean atzerapenak, obesitate-arriskua, kolesterola eta zenbait minbizi-mota areagotzea ere eragin dezake.

Dena den, Ian Cousinesek berak argitzen duenez, gizakion artean PFAS mailak nabarmen jaitsi dira azken bi hamarkadetan. Hala ere, substantzia horiek oso iraunkorrak direnez gero eta non-nahi aurki daitekeenez gero, gure planetatik nekez desagertuko direla onartu beharko dugu.