87 .eus webgune munduko milioi bat erabilienen sailkapenean

Majestic SEO enpresak webguneen posizionemenduan oinarritutako rankinean, proportzionalki, .eus domeinuak oso emaitza onak lortu ditu

Majestic SEOk kudeatzen duen Majestic Million rankinaren arabera, .eus domeinua duten 87 webgune azaltzen dira mundu osoan gehien erabiltzen diren milioi bat webguneen artean. Horietatik lehena, 10.024. postuan, euskadi.eus izango litzateke. Sailkapena webgune bakoitzaren posizionamenduaren arabera egiten da, hots, webgune bakoitzak bilatzaile nagusietan duen posizioaren arabera.

PuntuEus Fundazioaren datuen arabera, une honetan, .eus domeinua erabiltzen duten 13.000 webgune inguru daude funtzionamenduan eta horietatik guztietatik, % 0,67 aipatu sailkapenean sartu dira. Kopuru txikia dirudien arren, oso ehuneko handia da domeinu geografiko eta komunitario (GeoTLD) batentzat. Zentzu horretan, gaur egun indarrean diren 69 GeoTLDen artean .eus domeinua Majestic sailkapenaren 5. postuan aurkituko litzateke.

Aipatu sailkapenean gehien azaltzen den domeinua, espero zitekeen bezala, .com domeinua da. Gehien erabiltzen diren milioi bat webguneetatik 490.000 inguruk domeinu hori erabiltzen dute. Jarraian .org (84.613) eta .net (38.068) domeinuak aurkituko lirateke. Espainiako .es, Kataluniako .cat eta Galiziako .gal domeinuek 4.716, 539 eta 30 webgune dituzte Majestic Million sailkapenean, hurrenez hurren.