Bite Basque Beat jaialdiaren bigarren edizioa

Etxepare Euskal Institutuak Finlandian antolatzen duen jaialdiak bi berritasun garrantzitsu izango ditu aurten

Abuztuaren 30etik irailaren 3ra bitartean Etxepare Euskal Institutuak eta Basking Food & Culture elkarteak Finlandian antolatzen duten Bite Basque Beat jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da. Jaialdiak duela 13 urte antolatzen hasi zen Tamperrada euskal pintxo lehiaketan du jatorria. Bertan 60 taberna inguruk parte hartu ohi dute. Iaz, lehiaketa horrekin batera euskal musika jaialdi bat ere antolatzea erabaki zen.

Bigarren edizio honetan bi berritasun garrantzitsu izango dira. Alde batetik, jaialdia bi hiritan ospatuko da: Helsinki eta Tampere. Bestalde, aurtengo edizioan, lehenengoz, kaleko euskal dantzari eta musikariek kalejirak eta erromeriak eskainiko dituzte.

Aurreko edizioan bezala, jaialdiaren ekintza nagusiak kontzertuak izango dira. Lehenengo edizioan Gatibu, Zetak eta Olatz Salvador izan ziren bertan eta, aurten, Izaro, Skakeitan eta Bulego taldearen txanda izango da.

Bitan banatutako programazioa

Aurtengo edizioaren formatua bitxia da. Izan ere, jaialdia bi jaialdi txikitan banatuko dela esan daiteke. Horrela, bi egunetako programazioa errepikatuko da jaialdia hartuko duten aipatu bi hirietan. 

Euskara eta euskal kulturaren zale amorratu Mikka Reinikkak duela 13 urte antolatzen hasi zen ‘Tamperrada’ euskal pintxo txapelketa da Bite Basque Beat jaialdiaren jatorria

Jaialdia abuztuaren 30ean hasiko da Tamperen eskainiko diren kalejira, erromeria eta ikastaroekin. Abuztuaren 31n kontzertuen txanda izango da Tampereko G Live Lab aretoan. Irailaren 1ean eta 2an eskema bera errepikatuko da, baina kasu honetan, Helsinkin. Euskal taldeek Helsinkiko Heidi’s aretoan emango duten emanaldian oholtza partekatuko dute suomieraz abesten duen Antti Koivula artistarekin. Berarekin hitz egiteko aukera izango dute euskal artistek, hizkuntza txiki baten kantatzearen garrantziaz, zergatiaz eta mugez, besteak beste.