Gazteriaren arloan unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariak

NGIk antolatzen duen sariketan Gradu Amaierako Lanen eta Master Amaierako Lanen egileek 1.500 euro irabaz dezakete

Nafarroako Gazteriaren Institutuak Nafarroako gazteriaren arloan unibertsitate-ikasketen amaierako lan onenen sarien bigarren edizioa aurkeztu du. Aipatu sarien xedea da gazteriaren arloko ikerketak eta azterketak sustatzea. Hortaz, irabazle suertatzen diren Gradu Amaierako Lanaren eta Master Amaierako Lanaren egileek 1.500 euro irabaziko dituzte. Lehiaketan bakarrik parte hartu ahal izango dute gazteriaren arloa jorratzen duten lanek, humanitateen ezagutzaren eta gizarte zientzien ezagutzaren esparruan, soziologia, hezkuntza, psikologia, ekonomia, zuzenbidea, gizarte-lana edo komunikazioa bezalako gaiak barne hartuz.

Aurreko edizioa

Aurreko edizioan 28 lan izan ziren lehian. Gradu Amaierako Lanak atalaren barruan, emakumearen hipersexualizazioa jorratzen duten bi lan izan ziren sarituak. Lehen saria Itxaso Lópezek eskuratu zuen “Onlyfans: pornografia negozio forma berriak gazteen artean” lanagatik. Atal horretako accesita Paula Ruízek jaso zuen “Emakume gazteen hipersexualizazioa sare sozialetan” lanagatik. López eta Ruíz Gizarte Laneko graduko ikasleak dira NUPen.

Master Amaierako Lanak kategorian, berriz, lehen saria Javier Morachok jaso zuen “Bigarren Hezkuntzako zentroetako partaidetzarako lehen urratsak” lanagatik. Accesita, atal horretan, Alexandra Duránek jaso zuen “Gazteriak arduren esparruan duen zereginaren inguruko kontakizunen azterketa” lanagatik.

Deialdian Nafarroan erroldatutako 30 urte arteko adina duten eta Europako Gazte-Txartelaren titularrak diren eta 2020/2021 edo 2021/2022 ikasturtetan bere Gradu Amaierako Lana edo Master Amaierako Lana aurkeztu eta defendatu izan duten gazteek parte hartu ahal izango dute. Saria jaso ahal izateko, aurkeztutako lanek, gutxienez, 8,00 puntuko nota lortu izan beharko beren ebaluazioan.

Lan bakoitzak gehienez 100 puntu jaso ditzake eta derrigorrezkoa izango da gutxienez 50 lortzea, onartua izateko eta sariak eskuratzeko. Epaimahaiak bi lan onenak hautatu behar ditu (GAL lehen saria eta MAL lehen saria); bakoitzari 1.500 euroko zuzkidura dagokio eta puntu gehien lortzen dituzten bigarren bi lan onenei berriz, (accesit GAL eta accesit MAL) 500 eurokoa. Sariak dagokien diploma akreditatzailearekin osatuko dira. Lanak aurkezteko epea urriaren 2an amaituko da.

Lanak Nafarroako Foru Komunitateko berezko hizkuntzetako batean idatzita egonen dira, eta baztertuko dira beste sariketa batzuetan saria jaso duten lanak.