Tanxugueiras, Enredadas eta Maria Arnal i Marcel Bagés Getxo Folk jaialdian

Gaueko kontzertuen programazioan 30 urteko ibilbidea bete berri duen Gozategi taldearen kontzertua azpimarra daiteke.

Getxo Folk jaialdiaren XXXVIII. edizioa  irailaren 14 eta 18 bitartean ospatuko da. Aurtengo edizioan 15 emanaldi programatu dira eta emakumeek izango dute protagonismoa. Izan ere, besteak beste, Tanxugueiras, Enredadas eta María Arnal i Marcel Bagés izango dira bertan.

Osasun egoera lehengoratu denez, jaialdiak bere ohiko aire zabaleko eskaintza berreskuratuko du Algortako Portu Zaharrean. Abonuko kontzertuak, iaz bezala, Muxikebarri zentroan izango dira.

Programa

Irailaren 15ean Tanxugueiras talde galiziarraren txanda izango da. Eurovisionerako hautagai izan zen hirukote ezagunak berrikuntza eta abangoardia irudikatzen ditu, Galiziako soinu tradizionalak gaur egungo erritmoekin eta joerekin bateratuz, hala nola traparekin edo musika elektronikoarekin.

Irailaren 16an, berriz, Enredadas proiektuarekin gozatzeko aukera izango da. Uxíak, Martiriok, Carmen Parísek eta Ugia Pedreirak osatutako laukoteak herri-genero tradizionalak beste estilo batzuekin fusionatuko ditu.

Irailaren 17an María Arnal i Marcel Bagés izango dira Muxikebarrin. Kataluniako bikote gazte hori azken urteotan, musika-panoramaren ustekabekorik garrantzitsuetako bat bihurtu da. Getxon emango duten emanaldian ‘Clamor’ bere bigarren diskoaren abestiak aurkeztuko dituzte David Soler gitarristarekin batera.

Doako emanaldiak Algortako Portu Zaharrean izango dira. Kontzertuak izango dira 18:00etan eta 23:00etan. Gaueko kontzertuen programazioan 30 urte bete dituen Gozategi taldearen kontzertua azpimarra daiteke.

Argazkia: ©Neelam Khan Vela