Artium Museoak ikasturte berrirako bere hezkuntza programa aurkeztu du

Artium-Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren hezkuntza programak hiru ardatz ditu: eskoletarako programak, irakasleentzako formakuntza programak eta eskolaz kanpoko jarduerak.

Gasteizko Artium Museoak abian jarri du 2022-2023 ikasturterako bere hezkuntza programa. Urrian hasiko diren programak hiru ardatzetan egituratzen dira: eskoletarako programak, eskolaz kanpoko jarduerak eta irakasleen formakuntzarako programak. Programa horien guztien inguruko argibide guztiak museoaren webgunean aurki daitezke. Izen-emateak ere, plataforma bera erabiliz egin behar dira.

Hezkuntza programa

Artium Museoaren hezkuntza programa museoaren jardueraren oinarrizko ardatzetako bat da eta hezkuntza-maila guztietarako jarduerak biltzen ditu: LH, DBH, lanbide Heziketa, Batxilergoa eta unibertsitatea. Eskoletarako programen kasuan, xedea da eskola-curriculumeko edukiak artearen bidez lantzea. Bertan jorratzen diren proposamen batzuk, adibidez, honako hauek dira: Artium ibiltari; Altxorra lantegia; Foruen Plazatik Artium Museora ibilbidea; Artea, filosofia eta bizitza solasaldi-bisita eta Zinema eta arte garaikidea proiekzioak.

Artiumek eskaintzen dituen eskolaz kanpoko jarduerak ‘Extra-loturak’ izeneko proposamenean biltzen dira. Astean bi arratsaldetan lantegiak antolatuko dira, museoa ikertzeko eta askotariko material, teknika eta diziplinekin esperimentatzeko.

Azkenik, hezkuntza programaren hirugarren ardatzean, Museoak irakasleentzako prestakuntza-saioak antolatzen ditu arte garaikidea baliabide pedagogiko berritzaile gisa hartu eta irakasleei hartara hurbiltzeko gakoak eskaintzeko.