Teknologiarekin gizakiekin baino erosoago

Europako haurren % 73k dagoeneko kontrolatzen du berehalako mezularitza mugikorretik edo tabletatik

2010. urteaz geroztik (iPad merkaturatu zen urtea) jaiotako haurrak biltzen dituen ‘alfa belaunaldiak‘ berehalako eta eskaripeko teknologia-ingurune bakarra ezagutzen du. Klik bakar batekin eskura duten informazio eta aisialdi guztia eskuratzeko aukera dutenez, haur horien harremanak izateko eta esperientziak bizitzeko modua, aurreko belaunaldiekin alderatuta, guztiz ezberdina da.

Infobip-ek eta YouGov-ek 6 eta 11 urte bitarteko europar gaztetxoekin egin duten ikerlan batean bildutako datuen arabera, aipatu belaunaldia teknologiarekin gizakiekin baino erosoago senti liteke.

Izan ere, Europan bizi diren adin- talde horretako gazteen hiru laurden baino gehiagok (% 77) tableta erabiltzeko aukera du eta erdiak baino gehiagok (% 59) telefono adimentsu bat. Gainera, tableta duten horien guztien % 60 inguruk gailu hori erabiltzen hasi ziren bost urte bete aurretik. Adin horrekin telefonoa erabiltzen hasi zirenen kopurua, berriz, % 38koa da. 

Teknologia hain goiz eskuratzeak komunikatzeko moduan eragiten du. Adibidez, haur gehienek arazorik gabe erabiltzen dituzte mezularitza aplikazioak eta 11 urteko gazteen % 73k WhatsApp erabiltzen du bere mugikorrean edo tabletan.

Gainera, gailu adimentsuak ezagutza-iturri gisa erabiltzera ohituta daude. Ikerlanaren arabera, % 39 inguruk eskolako lanetarako erabiltzen ditu eta % 30ek, berriz, smartphone bat kontsultatzen du gurasoei edo irakasleei galdetu baino lehen.