Nerabezaroko indarkeria matxistei buruzko jardunaldia

Donostia Gazteriak eta Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, jardunaldia urriaren 26an eta 27an ospatuko da Intxaurrondoko Kultur Etxean

Haurren eta nerabeen aurkako indarkeria matxistak, abusuak, sexu-indarkeria, sareetako indarkeria… hainbat leku eta modutan jazotzen dira. Gure artean, gaur egun, haur eta nerabeek pairatu behar izaten duten indarkeria agerikoa da. Indarkeria betidanik izan da hor, baina azken urteetan, gai horren inguruan egin diren ikerketek eta argitalpenek agerikotasun handiagoa eman diote arazo horri.

Indarkeria matxistak psikologikoki, fisikoki eta sexualki eman daitezke: bullyinga, sare sozialen bidez egiten den jazarpena, haur eta nerabeen aurkako sexu-indarkeria…

Arazo horretan eta bere ondorioetan sakontzeko Donostia Gazteriak eta Donostiako Udaleko  Berdintasun Sailak nerabezaroko indarkeria matxistei buruzko jardunaldi bat antolatu dute. Aipatu jardunaldia urriaren 26an eta 27an ospatuko da Intxaurrondoko Kultur Etxean eta bereziki zuzentzen zaie haur eta nerabeekin lan egiten duten edo harremana duten eragileei.

Jardunaldian parte hartzeko izena emateko epea datorren urriaren 16an amaituko da. Izen emateak Donostia Gazteriaren webgunearen bidez egin behar dira.