DSBE kobratzeko adina 18 urtera jaitsiko da

Adin horrekin laguntza kobratu ahal izateko gurasoen etxetik at bizi behar izango da eta zaurgarritasun egoera egiaztatu beharko da.

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen Proiektuaren inguruko akordioa itxi dute. Lege hori egun indarrean den eta laguntza sozialak arautzen dituen araudia ordezkatuko du. Jakitera eman denez, akordio horrek badu gazteei zuzenean eragiten dien neurri bat. Izan ere, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko gutxieneko adina 18 urtera jaitsiko da.

Adin horrekin aipatu laguntza jaso ahal izateko bi baldintza bete beharko dira: bizitza proiektu independente bat izatea, hots, gurasoen etxetik kanpo bizitzea; eta, zaurgarritasun egoeran bizi izatea. Adin horretako gazteen kasuan laguntza horrek ez du zer ikusirik izango, adibidez, emantzipazioagatik jasotako laguntzekin.

23tik 18ra

Orain arte DSBE jasotzeko gutxieneko adina 23 urtekoa zen, nahiz eta legeak zenbait salbuespen jaso: umezurtzak, guraso diren 23 urtetik beherako gazteak, desgaitasunen bat duten pertsona helduen kargua duten gazteak edo tratu txarren biktimak. 18 eta 23 urte bitarteko gazteak tutoreen mende zeuden pertzepzio horiek lortzeko.

Akordio berriak jasotzen duenez, DSBEren gutxieneko kopurua zehazteko formula berri bat erabiliko da. Zentzu horretan, DBSE ezin izango da Estatuko pobrezia-tasa baino baxuagoa izan. Gaur egun, 803 euro hilekoa da.

Datorren urtetik aurrera, gutxieneko prestazioa egungo 727 eurotik 800 eurora igaroko da, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Oinarrizko Diru-sarrera Funtsezkoari aplikatu nahi zaion % 8,5eko igoeragatik.

Lege berria

Lege berriak pentsiodunak eta adingabeak diren haurrak dituzten familiak babestu nahi ditu. Horrela, adingabeak dituzten familien kasuan egoera % 40raino hobetzea proposatzen da eta pentsiodunen kasuan % 17raino.

Era berean, estaldura hobea eskainiko die tratu txarrak jasan dituzten edo esplotatuak izan diren emakumeei, ezgaitasunak dituzten pertsonei, errefuxiatuei eta Euskaditik alde egin eta orain bueltatu nahi duten terrorismoaren biktimei.

DBSE berria modu mugagabean kobratu ahal izango da. Hortaz ez da, orain arte bezala, bi urtero berritu behar izango. Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, iruzurra ekiditeko kontrolak zorrotzagoak izango dira eta hiru hilez behin egingo dira.