Ara Malikian Aitzina Folk musika jaialdian

Urriaren 15etik urtarrilaren 4ra bitartean jaialdiak 16 musika emanaldi eskainiko ditu eta Kepa Junkeraren inguruko ‘Berpiztu’ dokumentala ere eskainiko du

Urriaren 15etik eta urtarrilaren 4ra bitartean, Gasteizek Aitzina Folk musika jaialdi solidarioaren X. edizioa hartuko du. Edizio berezi horretan bi izango dira protagonista nagusiak. Alde batetik, abenduaren 30ean Ara Malikian biolinista ezagunaren emanaldia izango da. Bestalde, pasa den Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Kepa Junkeraren inguruko ‘Berpiztu’ dokumentala ere ikusi ahal izango da.

Jaialdian sarrerekin eta 0 lerroarekin lortzen diren etekin guztiak Aefatek finantzatzen duen terapiaren ikerketa proiektua laguntzera bideratuko dira. Aefat ‘ataxia telangiectasia’ gaixotasuna dutenen familiak biltzen dituen elkartea da eta Nafarroako Unibertsitate Klinikarekin batera terapia bat garatzen ari dira.

Programa

Aurtengo edizioa urriaren 15ean hasiko da Gasteizko Katedral Zaharrean izango den kontzertu batekin. Bertan, Karlos Subijanak, beste hainbat musikarirekin, antzinako musika protagonista izango duen kontzertua eskainiko du.

Hurrengo hitzordua azaroaren 19an izango da. Egun horretan, kalejira bat izango da Gasteizko hirigune historikoan zehar. Azaroaren 25ean eta 26an Beñat Etxepare Antzokiak bi emanaldi hartuko ditu. 25ean Mike McGoldrick & John McCusker eskoziar musikarien kontzertua izango da eta 26an, berriz, Muireann Nic Amhlaoibh irlandarraren kontzertua.

Programazioan bada tartea txikienentzat ere. Azaroaren 27an, Beñat Etxepare Antzokian, ‘Titiriteros de Binéfar’ txotxongilolarien emanaldia izango da.

Abenduan izango da programazioaren zatirik esanguratsuena. Abenduaren 3an, Félix Petite Antzokian eta abenduaren 4an, Jesus Guridi musika kontserbatorioan, Musika Eskolen Topaketa izango da. Abenduaren 4an, gainera, Félix Petite Antzokian, Atlantic Folk Trioren kontzertua eskainiko da.

Gune berean, baina abenduaren 9an, Kutuneren emanaldia izango da. Hamarrean Ana Alcalderen kontzertua izango da eta 11an Trivium Klezmerena.

Abenduaren 17an, Beñat Etxepare Antzokian, Pärboren emanaldia izango da. Egun berean folk saio bat izango da, baina egoitza oraindik zehaztu gabe dago.

Aurtengo edizioaren emanaldi nagusia abenduaren 30ean Mendizorrotzako kiroldegian Ara Malikianek eskainiko duen kontzertua izango da.

Jaialdia 2023ko urtarrilaren 4an amaituko da Antzoki Nagusiak hartuko duten Alos Quarteten kontzertuarekin.

Bestelako jarduerak

Aipatu kontzertu horiez guztien gain, aurtengo ediziorako beste hainbat jarduera antolatu dira. Horietatik guztietatik esanguratsuena pasa den Donostiako Zinemaldian estreinatu zen Kepa Junkeraren inguruko ‘Berpiztu’ dokumentalaren proiekzioa izango da. Hitzordua abenduaren 2an izango da Florida zinema-aretoan.