Gora egin du euskal biztanleriaren heziketa-mailak

2021. urteko datuen arabera, EAEko biztanleriaren % 95,9k titulu ofizialen bat du eta % 33,8k goi-mailako ikasketak ditu, unibertsitatekoak edo profesionalak

Hezkuntzako titulu ofizialen bat lortu duen euskal biztanleriaren ehunekoa ia 96koa da. Zehazki, 2021. urteari dagozkion Eustatek emandako datuen arabera, Euskadin bizi diren 16 urtetik gorako biztanleriaren % 95,9k, 1.877.675 pertsonak, hezkuntzako titulu ofizialen bat du. Kopuru hori 2020. urtean jasotakoa baino hiru hamarren altuagoa da eta 1,5 puntu altuagoa 2011. urteko datuekin alderatuta. Urte horretan, titulu ofizialen bat zuten biztanleen kopurua 1.764.462 pertsonakoa zen. Txanponaren beste aldean, azpimarratzekoa da analfabetismo-tasak hondar-maila duela, % 0,3koa besterik ez baita hamar urtetik gorako biztanleen artean ere, hots, 6.000 pertsona inguru.

Eustaten arabera, lehen mailako ikasketak bakarrik dituzten biztanleen kopurua 585.884 pertsonakoa da (biztanleriaren % 31,2). Kopuru hori duela hamar urtekoa baino 7,1 puntu baxuagoa da eta, beraz, hezkuntza-maila hori baino altuagoko titulazioa duten biztanleen kopuruak gora egin du.

Bigarren mailako ikasketak dituztenen kopurua, berriz, 418.129koa da (biztanleriaren % 22,3). Kopuru horrek ere gora egin du 2011. urtearekin alderatuta; kasu horretan, % 2,3 gehiago.

Euskal biztanleriaren % 8,6k, 161.859 pertsonak, oinarrizko eta/edo erdi-mailako lanbide-heziketako tituludunak dira. Duela hamar urteko datuekin alderatuta, kasu honetan ere igoera eman da: 1,6 puntu.

Goi-mailako hezkuntzari dagokionez, biztanleriaren % 23k (431.953 pertsonak) amaitu ditu unibertsitate-ikasketak eta % 10,8k (203.257) goi-mailako lanbide heziketako ikasketak amaitu ditu. Bi kasu horietan ere ehunekoak hazi dira 2011. urtearekin alderatuta: 3,4 eta 1,3 puntu, hurrenez hurren.

Beraz, 2021. urteko datuen arabera, euskal biztanleriaren % 33,8k goi-mailako ikasketak dituela ikus daiteke, unibertsitatekoak edo profesionalak. Duela hamar urteko datuekin alderatuta igoera 4,7 puntukoa izan da eta aurreko urtearekin alderatuta (2020), berriz, 0,4 puntukoa.

Emakume gehiago goi-mailako ikasketekin

Goi-mailako hezkuntzako tituluren bat lortu duten gizon eta emakumeen ehunekoak oso antzekoak dira: % 34,2 gizonen kasuan eta % 33,5 emakumeen kasuan. Hala ere, tituluen artean badira aldeak. Horrela, gizonen artean lanbide heziketako tituluak, edozein mailakoak, % 23,1era iristen diren bitartean, emakumeen artean % 16,1 besterik ez dira. Hortaz, unibertsitate mailako tituluen kasuan, proportzioa handiagoa da emakumeen artean (% 25,6) gizonen artean baino (% 20,2). 

Era berean, bakarrik lehen hezkuntzako titulazioa duten emakumeen ehunekoa (% 32,5) ere gizonena (% 29,8) baino altuagoa da. Bigarren mailako tituluen kasuan, gizonen ehunekoa (% 23,2) emakumeena baino altuagoa da (% 21,4). 

Alde txikiak lurralde historikoen artean

Titulazioren bat duten 16 urteko eta gehiagoko biztanleen gainean lurralde historikoen araberako ehunekoen aldeak oso txikiak dira.

Araban, adibidez, bigarren mailako tituluak dituzten biztanleen proportzioa (% 23) Gipuzkoan (% 22,4) eta Bizkaian (% 22) baino arinki altuagoa da.

Era berean, Araba da lehen mailako ikasketen proportzio handiena duen lurraldea, % 32,4, eta Bizkaian eta Gipuzkoan % 31,2 eta % 30,6, hurrenez hurren.

Unibertsitate-ikasketen kasuan, Bizkaiak du proportziorik handiena (% 24,1), baina kasu honetan ere, aldeak oso txikiak dira: % 22,3 Gipuzkoan eta % 20,7 Araban.

Oinarrizko eta goi-mailako ikasketa profesionaletan, berriz, Gipuzkoa da proportziorik handiena duena (% 11,6 goi-mailakoetan eta % 9 oinarrizkoetan). Araban proportzioak % 11,2 eta % 8,7koak dira eta, Bizkaian, % 10,2 eta % 8,4. Kasu honetan ere, aldeak oso txikiak dira.

Eskualdeen arteko aldeak

Lurralde historikoen artean diren aldeak oso txikiak dira, baina azterketa sakonagoa egiten bada, eskualdeen artean aldeak agerikoagoak direla ikus daiteke. 

Adibidez, unibertsitate mailako tituluren bat duten biztanleen proportziorik handiena Plentzia-Mungia eskualdean aurkitzen da (% 31,9). Jarraian, Donostialdea (% 25,2) eta Bilbo Handia (% 24,6) aurkituko lirateke. Horrelako tituluen proportzioa % 20tik gora duten beste eskualde batzuk honako hauek dira: Gorbeialdea (% 23,7), Gernika-Bermeo (% 23,5), Urola Kosta (% 22,2), Arabako Lautada (% 21,5), Debagoiena (% 20,8) eta Arratia-Nerbioi (% 20,4).

Bigarren mailako tituluen kasuan aldeak ez dira hain nabarmenak. Kasu honetan ere Plentzia-Mungia azaltzen da sailkapenaren buruan (% 24,9) eta, jarraian, honako hauek egongo lirateke: Bidasoa Beherea (% 24,6) eta Arabako Errioxa (% 23,6). Proportziorik txikiena dutenak, berriz, oso alde txikiarekin, Durangaldea eta Arabako Mendialdea lirateke, bi kasuetan % 19,2ko proportzioarekin.

Ikasketa profesionalen kasuan, proportziorik altuenak dituzten eskualdeak honako hauek dira: Debabarrena (% 23,4), Enkartazioak (% 22,9), Gorbeialdea (% 22,9) eta Debagoiena (% 22,8). Titulu horien kasuan, proportziorik txikienak Arabako Errioxan (% 15,9), Bilbo Handian (% 17,9) eta Plentzia-Mungian (% 18,2) daude.

Azkenik, lehen mailako titulazio kopuru handiena duten eskualdeak honako hauek lirateke: Arabako Errioxa (% 41,8), Arabako Mendialdea (% 41,1), Añana (% 37,7), Enkartazioak (% 36,6) eta Arabako Kantaurialdea (% 36).

Unibertsitate titulu gehien dituzten udalerriak

Unibertsitate mailako ikasketan proportzio handienak dituzten udalerriak Getxo eta Sukarrieta dira (% 42,2 eta % 41,8 hurrenez hurren). Sailkapen horretako lehen hamabost postuetan Bizkaiko udalerriak aurkitzen dira. Bizkaikoa ez den lehengoa Donostia da, 16. postuan % 31,8rekin. Bilbok % 27,7ko proportzioa du eta Gasteizek % 21,9koa. Bigarren mailako titulazioetan ere, Bizkaiko udalerriak nagusitzen dira: Gatika (% 31); Plentzia (% 28,9) eta Laukiz (% 28,4). Lanbide-heziketako titulazioen kasuan, lehen postuetan Galdames (% 30,4), Irura (% 28,5) eta Arama (% 28,4) daude.

Analfabetismo-tasa

Euskadin analfabetismo-tasak hondar-maila du. 10 urtetik gorako biztanleriaren % 0,3 aurkitzen da talde horretan, 6.000 pertsona inguru. Aipatu tasa handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino (% 0,4 eta % 0,2, hurrenez hurren).

Talde horretan aurkitzen diren pertsona ia guztiak adin nagusikoak dira. Adin horretatik behera, analfabestismo-tasa % 0,1ekoa besterik ez da. 

Era berean, azpimarratu behar da aipatu tasa nabarmen jaitsi dela azken hamarkadan: 2011. urtean analfabetismo-tasa % 2,1ekoa zen.