Nafarroako nekazari gazteentzako laguntzak

Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi euro bideratuko ditu nekazaritza sektorean belaunaldi-erreleboa sustatzeko eta nekazaritza ustiapenen lehiakortasuna hobetzeko.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 3,5 milioi euro bideratuko ditu nekazari gazteak beren jardueran laguntzeko. Aipatu laguntzaren xedea da sektorean belaunaldi-erreleboa sustatzea eta gazteei sektorean hasteko bultzada ematea. Gazte bakoitzak lortu ahal izango duen laguntza, gehienez, 37.276 eurokoa izango da.

Dirulaguntzak 18 eta 40 urte bitarteko pertsonei zuzenduta daude, baldin eta Nafarroako nekazaritza-ustiategien titular, titularkide edo bazkide diren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (NNUE) inskribatuta edo inskribatu daitezkeen enpresa-plan bat badute. Laguntza eskatzeko epa datorren otsailaren 3an amaituko da.

Esan bezala, laguntza horrekin Nafarroako Gobernuak belaunaldi-erreleboa sustatu nahi du eta, aldi berean, landa-eremuetako biztanleria gaztea bertan mantentzea lortu nahi da. Horretarako, ezinbesteko da ingurune horietan jarduera ekonomikoak sustatzea nekazaritza sektorearen etorkizuna bermatzeko. Ildo horretan, laguntzak, nagusiki, nekazaritza ustiapenen lehiakortasuna hobetzera bideratu nahi dira, modu horretan bermatu ahal izango baita landa-eremuan ehun sozioekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarri bat mantentzen dela, aukera-berdintasuneko eta bizi-kalitateko baldintza egokiekin.