Gazteak suspertze-tekniketan prestatzeko proiektua

Barakaldoko hamar gaztek parte hartuko dute urtarrilaren 10ean izango den saioan eta ondoren gazte horiek beste gazte batzuk trebatzeko aukera izango dute

Barakaldoko Aritz Martínez eta Adei Lópezek suspertze-teknikak eta eztarriko trabamenduaren aurkako teknikak irakasteko egitasmo bat garatu dute. “Zuk ere salba dezakezu bizitza bat” izena duen proiektua teknika horietan gazteak trebatzean oinarritzen da, ondoren gazte horiek beste gazte batzuk trebatu ahal izan ditzaten. Barakaldoko Udalak eta Barakaldo-Sestaoko ESIak bat egin dute egitasmoarekin. Lehenengo saioa urtarrilaren 10ean izango da eta bertan udalerriko hamar bat gaztek parte hartuko dute.

Hasierako saio hori Barakaldo-Sestaoko ESIko BBB taldeak irakatsiko du. Gazteek oinarrizko bihotz-biriketako bizkortzeari, desfibriladoreei eta aire-buxadurari buruzko prestakuntza jasoko dute eta, horrela, ongizatean, osasunean eta prebentzio komunitarioan laguntzeko eragile kualifikatu bihurtuko dira. Horri esker, gazte horiek Giltzarri Gazte Jardueren Plataformako beste gazteak trebatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eskuratuko dituzte. Prestakuntza saio horiek otsaila eta martxoa bitartean izango dira eta bi orduko iraupena izango dute.

Hirugarren fase bat ere aurreikusita dago; bertan, suspertze-maratoiak sustatuko dira, gazte gehiagok parte har dezaten.