Zabalik Punto de Vistako gazteentzako jardueretan izena emateko epea

Punto de Vista-Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioa martxoaren 27tik apirilaren 1era arte izango da

Aurten ere, Punto de Vista Jaialdiak gazteentzako gune pribilegiatua aurkeztuko du. Berariazko akreditazioarekin programazio osoaz gozatzeko aukera izateaz gain, jaialdiak bi esperientzia eskainiko dizkie 15 eta 25 urte bitarteko gazteei.

Alde batetik, Gazte Programatzaileak x Punto de Vistaren barruan film laburren saio bat programatuko da. Bestetik, Gazte Epaimahaiak Film Onenaren Gazteriaren Saria aukeratuko du atal ofizialeko lan guztien artean.

Gazte Programatzaileak x Punto de Vista

Gazte Programatzaileak x Punto de Vista pasa den urteko edizioan sortutako ekimena da. Parte-hartzaile gazteen talde batek Nicolas Philiberten ‘De chaque instant’ programatu zuen eta bitan elkartu ziren zuzendariarekin. Ondoren, filma jendaurrean aurkeztu zuten.

Aurtengo ediziorako hiru saio programatu dira ekimen horren barruan. Saioak Civivox Condestablen izango dira, A Bao A Qu* kultur elkartearen eskutik. Aipatu saioetan jaialdiaren X Films atalean parte hartuko duten zinemagileen hainbat film labur ikusi ahal izango dira. Bertaratutakoek film horien inguruan hitz egiteko aukera izango dute zuzendariekin. Ekimen horretan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izen ematea. Horretarako jaialdiaren web gunean den inprimakia osatu eta bidali behar da otsailaren 16a baino lehen. Martxoaren 2an hautatu diren gazteen izenak ezagutzera emango dira.

Gazte Epaimahaia

Aurreko edizioetan bezala, Estatu hainbat hiritatik etorritako gazteek Gazte Epaimahaia osatuko dute. 18 eta 25 urte bitarteko 20 bat lagunekin osatutako epaimahaiak Atal Ofizialeko lan guztiak ikusi beharko ditu eta, horien artean, Film Onenaren Gazteriaren Saria aukeratu.

Epaimahai horretan parte hartzeko izen-ematea doakoa da eta otsailaren 28a baino lehen egin behar da jaialdiaren web gunean den inprimakia betez.

Bestalde, Punto de Vista lankidetzan ari da Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin. Nafarroan Europako Gazte Txartelaren programaren bitartez, Europako edozein herrialdeko bi titular Iruñera etorri ahal izan daitezen jaialdiaren astean, eta ostatu gastuak eta jatorrizko hiri edo herrialdetik etortzeko gastuen zati bat ordainduta izan dezaten.