Haurren artean euskararen ikaskuntza indartzeko kanpaina

‘Euskararekin, gora eta gora beti!’ leloa duen Euskarabidearen kanpaina bereziki, seme-alaba txikiak dituzten Nafarroako familiei zuzentzen zaie

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez, ‘Euskararekin, gora eta gora beti!’ leloa duen kanpaina garatu du urtarrilean zehar haurren artean euskararen ikaskuntza sustatzeko. Kanpaina, bereziki, seme-alaba txikiak dituzten Nafarroako familiei zuzentzen zaie eta euskara haurrentzako hautu positibotzat eta aberasgarritzat aurkezten du. 

Kanpaina

Kanpaina urtarrilaren 13tik 29ra bitartean garatu da eta hainbat euskarri erabili ditu: kartelak, sare sozialak, prentsa digitala, tokiko aldizkariak, irrati komertzialak, markesinak… Gainera, kartel bereziak jarriko dira hainbat udalerritan: Ablitas, Alesbes Arguedas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Larraga, Lerin, Lodosa, Milagro, Monteagudo, Murchante, Olite, Azkoien, Ribaforada, San Adrián, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tutera, Valtierra eta Viana.

Kanpainaren aurkezpen-ekitaldian, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok azaldu duenez, haurtzaroan euskara ikasi eta erabiltzea lehenetsi beharreko lan-eremua da, izan ere, “hiztun berriak gure hizkuntzen etorkizuna dira”. Olloren ustez, “Nafarroako bi hizkuntzak menderatuz haztea errealitate gero eta hedatuagoa da”. Azken datuen arabera,  Nafarroako lau gaztetik batek euskaraz daki eta beste % 25ek hizkuntza ikasi du.

Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik, berriz, kanpaina Gobernuaren akordio programatikoaren testuinguruan kokatu du. Akordio horrek herritarrek euskara erabiltzeko eta jakiteko duten eskubidea babesten du, borondatezkotasunaren eta aukera-berdintasunaren printzipioekin bat etorriz.