Laburbirak bere XX. edizioa ospatuko du aurten

Martxoaren 6tik apirilaren 5era bitartean 7 film laburrez osatutako programazioa izango da.

Euskaraz ekoitzitako film laburren ‘Laburbira’ zirkuituak bere XX. edizioa ospatuko du aurten. Martxoaren 6an hasi eta apirilaren 5era arte luzatuko den aurtengo edizioak 7 film labur eskainiko ditu. Film horiek zirkuitura aurkeztutako 28 lanen artean hautatuak izan dira. Ikusgai izango diren lanak honako hauek izango dira:

  • Muskil (Marina Perosanz)
  • Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Eric Campos eta Fernando Martin)
  • Irrits (Maider Oleaga)
  • Erlojupekoa (Leire Egaña)
  • Hitzak (Josu Martínez)
  • Asko falta da? (Ane Cuesta)
  • Koadro goriari heldu (Iulen Arana)

Hautaketa lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila aintzat hartuz egin da. Lan guztiak pasa den urtean ekoitzitakoak dira.

Emanaldiak herrietan

Laburbira zirkuituaren ezaugarri nagusietako bat da edozein udalerritan antola daitekeela. Emanaldiak eskatzeko epea zabalik izango da datorren otsailaren 12ra arte. Proiekzioekin batera, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere eskaintzen du Laburbirak.