Euskararen erabilera sustatzeko kanpaina Bilbon

‘Bilbon euskaraz’ lelopean, ekimenak euskararen erabilera normalizatzearen abantailak azpimarratzen ditu

Bilboko Udalak hiriko biztanle guztiak euskara erabiltzera animatzen dituen kanpaina bat jarri du abian. ‘Bilbon euskaraz’ lelopean garatuko den kanpainak, bereziki, euskaraz komunikatzeko gai diren horiei zuzentzen zaie.

Ekimenak euskararen erabilera normalizatzearen abantailak azpimarratzen ditu eta ‘euskarak batu egiten du eta aberastu egiten gaitu’ ideia nabarmentzen du. Horretarako, kanpainak lau asmakizun erabiltzen ditu eta horietan guztietan erantzuna bera da:

  • Bilboko kaleetan gero eta gehiago entzuten da.
  • Erabiliz gero, ate berriak zabalduko dituzu.
  • Buruan, bihotzean eta batez ere ahoan du indarra.
  • Bizirik mantendu dadin erabili eta gozatu egin behar da.
Erabilera

Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Koldo Narbaizak azaldu duenez, “kanpaina hau gonbidapen bat da, gogoeta egitera ez hainbeste euskara jakiteak baizik eta erabiltzeak dakartzan ondorio positiboen gainean, zeren eta hortxe daukagu desafiorik handiena Bilbo hiri geroz eta euskaldunagoa izan dadin: euskaraz dakienak…erabil dezala, hain zuzen”.

Kanpaina datozen asteetan garatuko da publizitatetarako diren hainbat hiri-altzaritan. Horrez gain, kartelak jarriko dira barrutietako udaltegietan eta kiroldegietan.

Euskara ikasteko dirulaguntzak

Bilboko Udalak 700.000 euro baino gehiago inbertituko ditu aurten euskara ikasteko dirulaguntzen programan. Laguntza hauek gurasoentzat, aisialdiko begiraleentzat edo haur eta gazteen kirolerako eta familia unitateetako kideentzat dira, betiere, haien errentek deialdian ezarritako muga gainditzen ez badute.

Deialdi horren xedea da haur eta gazteen artean hizkuntzaren transmisioan eragin handiena duten kolektiboen artean euskararen erabilera sustatzea, eta euskara izatea bilbotarren eguneroko ekintzetan irakasteko hizkuntza. Urtero 500 lagun baino gehiagok eskatzen dute laguntza hori.