Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!

Gazteengan bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzea helburu duen Euspot lehiaketak XII. edizioa ospatuko du aurten

Euskarazko spoten sorkuntza sustatzea helburu duen Euspot lehiaketak bere XII. edizioa ospatuko du aurten. 2023rako aukeratu den gaia honako hau da: ‘Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!’. Hortaz, parte-hartzaileek gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina piztea helburu duten mezuak islatu beharko dituzte euren spotetan.

Lehiaketan adin guztietako parte-hartzaileek parte har dezakete. Guztira 3.000 euro banatuko dira lehiaketa osatzen duten sei ataletako irabazleen artean: Spotik onena (1.000 euro), Publikoaren saria (500 euro), Gazteen saria (14-18 urte) (500 euro), Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Lanak maiatzaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira. Horretarako, euspot.eus web gunean den inprimakia osatu behar da. Formatua librea izango da eta iraupena, gehienez, 30 segundokoa izan beharko du.

Formakuntza

Spot egileen harrobia sendotu nahian, aurten ere, antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko hainbat ikastetxetan. Formakuntza saio horietan jada 4.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute.