Euskal kulturaren transmisiorako tailerrak

Loraldiak eta UPV/EHUk gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzea helburu duen Sormen Ola programa jarri dute abian

Loraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zerbitzuak (EHUKultura) 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaien eta euskal kulturaren transmisioa helburu duen Sormen Ola tailerren programa antolatu dute. Tailerrak hilean behin izango dira, maiatzera bitartean, Bizkaia Aretoan.

Tailer bakoitza monografikoa izango da eta sormenaren esparru ezberdinak jorratuko ditu, hala nola, dantza, musika, arte eszenikoak, literatura, ikus-entzunezkoak eta hitzak eta irudiak. Tailerrak gidatzen erreferentziazko eta eskarmentudun profesionalak izango dira: Jon Maya, Patxo Telleria, Joseba Sarrionandia, Paul Urkijo eta Miren Amuriza, besteak beste.

Bizkaiko campusean matrikulatuta dauden ikasleentzat sarrera doakoa izango da. Bestelako parte-hartzaileek 15 euro ordaindu beharko dute saio bakoitzeko.

Tailerrak

Otsailak 18. Patxo Telleria. ‘Sormena arte eszenikoetan”

Patxo Telleria euskal arte eszenikoetan dramaturgorik nabarmenenetako bat da. Maskarada taldean hasi zen orain dela lau hamarkada eta euskal antzerkigintzan bidegilea da. 30 antzezlan baino gehiago idatzi ditu. Aktorea eta zinemagilea ere bada. Irakatsiko duen tailerrean istorioak asmatzeko gakoak aztertuko aztertuko ditu.

Martxoak 25. Joseba Sarrionandia eta Iholdi Beristain. ‘Literatura eta musika’

Joseba Sarrionandiak ibilbide luze eta oparoa du literaturan eta euskal kulturaren erreferente handia da. Iholdi Beristain, berriz, labetik atera berria den abeslaria da. Sarrionandiaren zale amorratua da eta haren poesiekin eginiko kanta batzuk plazaratuko ditu.

Apirilak 29. Paul Urkijo. ‘Ikus-entzunezko garaikideak’

Paul Urkijo ‘Irati’ edo ‘Errementari’ bezalako filmen egilea da. Fantasiaren mundua gustuko duen zinemagilea da. Tailer honetan euskal zinemaren egoera aztertuko du.

Maiatzak 27. Miren Amuriza eta Amaia Egidazu. ‘Sormena hitzetik eta irudietatik. Joskintza tailerra’

Miren Amuriza bertsolariak eta idazlea eta Amaia Egidazu idazle eta ilustratzaileak hitzak eta irudiak jorratuko dituen tailerra gidatuko dute.