Arkitektura esparruko euskara-gaztelania hiztegi berria

Eusko Jaurlaritzaren eta UZEIren ekimenez argitaratutako hiztegiak 5.000 termino baino gehiago biltzen ditu

Arkitektura esparruko lehen  euskara-gaztelania hiztegia argitaratu berri dute Eusko Jaurlaritzak eta UZEIk. Arkitekturaren diziplinarako euskarazko baliabide terminologikoak egon arren, hainbat kasutan, eta kontsultatutako iturriaren arabera, kontzeptu berak korrespondentzia ugari izan ditzake. Hiztegi berriak euskaraz aritu nahi duten arkitektura esparruko profesionalek sarritan aurre egin behar izaten dieten hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei erantzun nahi die. Hiztegia online kontsulta daiteke.

Hiztegia 5.000 fitxa terminologiko baino gehiagorekin osatu da eta hiru esparrutan banatuta dago: lurralde-antolamendua, hirigintza eta eraikuntza. Azken atal horrek biltzen ditu fitxa gehien (% 74).

Hiztegia arkitekturaren esparruko eragile garrantzitsuenen arteko adostasunetik eta sinergiatik sortu da, hala nola Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen elkargo ofizialak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Saila.