Bideojokoak programatzeko tailerrak Araban

Programazioari buruzko prestakuntza eskainiko dute, eta tresna teknologikoen bidez, bideojoko formatuan, kodeak aldatuz konponbidea lortzeko planteatutako erronkak aztertuko dituzte

Otsailaren 11n Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta egun horren ildora, Arabako Foru Aldundiak bideojokoak programatzeko hainbat tailer antolatu ditu.  

Orientazio akademikoko eta sentsibilizazioko proiektu horren xedea da teknologia neskek kontrolatzeko gai diren eta adierazteko erabil dezaketen tresna bat dela ulertzea. Ikuspegi ludiko batetik abiatuta, nesken artean balizko etorkizun profesional gisa interesa piztu eta sustatu nahi da. Ildo horretan, tailer horien helburuen artean dago landa eremuko emakumeak lan mundu teknologikoan eta arlo horretako ekintzailetzan sartzea indartu, enpatizatu eta sustatzea. 

Tailerrak

Tailerrek oinarrizko programazioari buruzko prestakuntza eskainiko dute, eta tresna teknologikoen bidez, bideojoko formatuan, kodeak aldatuz konponbidea lortzeko planteatutako erronkak aztertuko dituzte, lortu nahi den emaitza lortu arte. Aurrera egin ahala, erronken zailtasunak gora egingo du.

Saioak otsailaren 6tik 14ra bitartean egingo dira, lurraldeko hainbat udalerritan, kuadrilla bakoitzeko udalerri batean. Zehazki, hauek izango dira tailerrak hartuko dituzten udalerriak:  Zigoitia, Maeztu, Agurain, Zuhatzu Kuartango, Aiara eta Trebiñu.