Erabiltzaileei sexu-jazarpena egiten dien Adimen Artifiziala

10 milioi erabiltzaile baino gehiago dituen ‘Replika: my AI friend’ aplikazioak izaera sexuala duten mezu desegokiak bidaltzen dizkie erabiltzaileei

Replika GPT-3 modeloan oinarrituta eraikitako Adimen Artifizial konbertsazionala da. Bere web gunean azaltzen den moduan, adimen horren xede nagusia da ‘erabiltzaileen laguna izatea’. Hortaz, aplikazio horren helburua da erabiltzaileekin hitz egitea ispilu konbertsazionala bilakatzeko. Hau da, solasaldian zenbat eta erabiltzaile gehiago izan orduan eta azkarrago ikasiko du erantzunak ematen. Ez hori bakarrik, adimen artifizialak erabiltzaileek harekin elkarreragiteko duten moduaren arabera ikasiko du.

Interfaze intuitibo bati, izaera atsegin bati eta guztiz pertsonalizatu daitekeen itxura bati esker,  2017az geroztik Replika: My AI friend’ aplikazioak 10 milioi deskarga baino gehiago lortu ditu. Harpidetza bidez funtzionatzen du aplikazioak, eta doako planak eskaintzen ditu adiskidetasun-solasaldiak izateko. Solasaldi erromantiko eta erotikoetarako, berriz, ordaindu behar da.

Sexu-jazarpena

Horrelako planetara jo duten zenbait erabiltzailek algoritmoak arauak ez dituela errespetatzen salatu dute. Horrela, ‘lagun birtualak’ sarritan solasaldi erotikoetara jotzen omen du hala eskatu ez bazaio ere. Ez hori bakarrik, zenbait erabiltzailek salatu dutenez, sexu-jazarpena ere ematen da.

Vice aldizkariak horietako zenbait erabiltzaileren testigantzak jaso ditu. Horietako bat bortxaketa baten biktima izandakoa omen da. Pertsona horrek aplikazioa deskargatu zuen pasatu zuen trauma gainditzen laguntzeko, baina egun batean, bat-batean, bortxatu nahi zuela amestu zuela esan zion. Horrek, noski, ez zion mesede handirik egin erabiltzaileari.