Izan zaitez aldaketaren parte!

EGK osatzen duten elkarteek gizartearen aldeko izugarrizko lana egiten dute eta parte hartzeko espazio zoragarriak sortzen dituzte.

Entzun al duzu inoiz zerbait Gazteriaren Kontseiluari buruz? Gaztea bazara hau interesgarria izan dakizuke!

Azalpen formala aztertuta ikus dezakegu: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) Eusko Legebiltzarrean onartutako 6/1986 Legearen bidez sortutako zuzenbide publikoko erakundea da. Gazte elkarteen plataforma autonomo gisa, gazteen eskubideen alde lan egitea da EGKren helburu nagusia. 

Egun, 60 elkarte inguruk osatzen dute (astialdiko elkarteak, ikasle elkarteak, arlo sozialeko zein politikoko gazte elkarteak…) Kontseilua, eta, horrez gain, harreman arina eta etengabea du beste talde, kolektibo eta mugimendu batzuekin.

Gazteak

Baina nola azaldu dezaket hau era informalean? Erraz. Gure gizartean hainbat partaidetza espazio ditugu, askotan administrazioak sortutakoak edo egitura formalegia dutenak. Partaidetza esparru horietan elkarteak daude eta elkarte askok gazteei erreserbaturiko atalak dituzte. Berdinak al dira elkarte batean gauden gazteen zein bestelakoen kezkak edo ardurak? Eta gazteok kezkak edota proposamenak mahai gainean jartzen ditugunean lehenengo momentutik jasotzen al dira? Ez beti. Hori dela eta, erabaki zen 1986an Euskadiko Gazteria Kontseilua sortzea, EAEko gazte elkarteak espazio berdin batean lan egiteko, parte hartzeko eta gazteen ahotsa indartu eta kontuan izateko.

Hasieran esan bezala, partaidetza prozesuen bitartez, gazteen ahotsa jasotzea da helburu nagusia, ostean, jasotako akordio guztiak administrazioetara helarazteko. Asko dira, 36 urteetan zehar EGK-k landutako gaiak eta problematikak, kezkak edota arazoak; bertan parte hartu duten gazteek landu dituzte. Izan ere, Kontseiluaren oinarrian gazteen ahotsa dagoen heinean, urteroko ekintza plan egokitua martxan jartzen da. 

Jorratzen ditugun gaiak

Une honetan, lan arlo ezberdinetan banatuta daude gaiak. Etxebizitza, Enplegua, Berdintasuna, 2030 Agenda, Bakea eta Bizikidetza, Partaidetza eta Hezkuntza, besteak beste. Azken finean, gai horiek gazteok ditugun aldarrikapenekin bat egiten dute. Izan ere, azken denboran, bizitza proiektu duin bat garatzeko aukera eskasak dira eta ezinbestekoa ikusten dugu egoera hau hobetzea. Hori dela eta, arlo ezberdinen bitartez partaidetza prozesuak sustatzen ditugu ekarpen guztiak jasotzeko eta aldaketaren parte izateko. Esaterako, GazteLagun emantzipaziorako dirulaguntzari egindako ekarpenak hainbat izan dira eta lorpenak ere (gure sareetan @gaztekontseilua, honi buruzko informazio gehiago ezagut dezakezu).

Bizitza proiektu duin bat garatzea oinarrian dugu, baina gizarte inklusiboa, berdintasunaren balioetan oinarritzen dena eta jasangarriagoa nahi eta behar dugu. Hori dela eta, beste arlo guztietan gai horiek eta gehiago lantzeko espazioa dugu.

Parte hartu!

Ziur aski, hau irakurtzean galderak izango dituzu: Nola parte har dezaket? Elkarte batean egon behar dut? Nola izan naiteke aldaketaren parte?

16 eta 30 adin tartean dagoen gaztea bazara, nahi duzunean parte har dezakezu. Zure inplikazio maila altua bada, aurrean aipatutako lan arloetan partaidetza talde egonkorrak daude arloka banatuta daudenak. Ostera, zure egunerokotasunak ez badizu nahi bezain beste parte hartzen uzten, hainbat ekintza burutzen dira urtean zehar erregulartasunez egotea ezinezkoa duten gazte guztientzat. Horretaz gain, EGKn hainbat dira dauden elkarteak, boluntariotzaren bitartez martxan jartzen direnak eta gizartearen aldeko izugarrizko lana egiten dutenak eta parte hartzeko espazio zoragarriak sortzen dituztenak.

Zalantza gehiago izanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezke gure sare sozialen bidez, edo gure bulegoetako batetik pasa zaitezke. Kontakturako behar dituzun datu guztiak gure webgunean dituzu www.egk.eus

Animatu eta izan zaitez aldaketaren parte!