Zabalik Gazteak Auzolanean 2023 programarako deialdia

Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen programa honek gazteek egindako proiektu kolektiboak diruz laguntzen ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak aurten ere Gazteak Auzolanean programa jarri du abian. Aipatu egitasmoaren xedea da gizarteari mesede egiten dioten proiektuak taldeak garatu nahi dituzten 18-30 urte bitarteko gazteei laguntza eskaintzea.

Deialdiaren aurrekontua 25.000 eurokoa da eta ingurunea inplikatzen duten talde-egitasmoak garatu nahi dituzten gazte sortzaileei zuzentzen zaie, interes publikoa duten eraldaketa sozialeko prozesuak bultzatzeko.

Egitasmoak aurkezteko epea datorren martxoaren 27ra arte zabalik izango da. Aurkezten diren proiektu guztietatik bost aukeratuko dira. Horietako bakoitzak 1.500-5.000 euro bitarteko laguntza jasoko du. Diru horrekin aurkeztutako egitasmoa garatu beharko dute 2024ko ekaina baino lehen.

Parte-hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Gutxienez 3 kide dituen talde bat osatu. Kide guztiek 18 eta 30 urte bitartekoak izan beharko dute.
  • Irabazi asmorik gabeko egitasmo bat aurkeztu.
  • 2024ko ekaina baino lehen egitasmoa gauzatu.
  • Egitasmoa honako esparru hauetako batean garatu beharko da: proiektu artistikoak eta/edo kultural komunitarioak; ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna oinarri duten egitasmoak; eta, genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatearen eraberritze proiektuak.