Zure ideiak balio du

Araban ekintzailetza sustatzea helburu duen lehiaketan proiektuak aurkezteko epea martxoaren 30era arte izango da zabalik.

Araba Ekinean-ek ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren XIX. edizioa jarri du martxan. Lehiaketaren xedea da ideia ekintzaileak ezagutzera ematea eta sustatzea. Ideia horiek garapen fase ezberdinetan aurki daitezke, baina arabarrek garatutako ideiei edo Araban garatzekoak diren ideiei emango zaie lehentasuna.

Proiektuak aurkezteko epea zabalik izango da datorren martxoaren 30era arte. Egitasmoak posta elektronikoz bidali behar dira. Oinarriak antolatzailearen webgunean aurki daitezke.

Zortzi golardo

Aurtengo edizioan zortzi golardo banatuko dira. Izan ere, aurtengo ediziorako kategoria berri bat sortu da: i+Med saria osasunaren esparruko ekimen onenari. Hortaz, lehiaketa osatzen duten zortzi kategoriak honako hauek izango dira:

  • Fundación Vital Fundazioa saria ideia onenari.
  • Aclima saria ekimen jasangarrienari.
  • Merkataritza eta Turismoko Gasteiz On Saria.
  • Eroski Saria nekazaritzako elikagaien ekimen onenari.
  • Michelin Saria industria-ekimen onenari.
  • i+Med saria osasunaren esparruko ekimen onenari.
  • RPK Sari Berezia eraldaketa sozial eta enpresarialari
  • Publikoaren Sari Berezia

Azken bi sariak sari bereziak dira eta metagarriak eta gehigarriak izango dira. Publikoaren Sari Berezia jasotzen duen egitasmoak 300 euro eskuratuko ditu. Beste sari guztiek 1.000 euroko saria dute.

Finalistek apirilaren 25ean Europa Jauregian egingo den ekitaldi ireki batean erakutsi beharko dituzte beren proposamenak. Irabazleen berri maiatzaren 4an emango da Ekin Day ekitaldiaren esparruan.

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketak ia bi hamarkada eman ditu garatzen ari diren Arabako proiektu ekintzaileek ikusarazteko eta probatzeko gunea izan dezaten eta martxan jartzeko laguntza jaso dezaten. Aurtengoa XIX. edizioa eta orain arte 800 egitasmo inguruk parte hartu dute lehiaketan.