Bilboko gazteen enplegua eztabaidagai

Bilbao Ekintzak antolatuta, Bilboko 100 gaztek lan-merkatuan sartzeko dituzten zailtasunen inguruan aritu dira ‘Bilbao Entzumenak’ izeneko jardunaldian

Bilboko 100 gazte inguruk Bilbao Ekintzak Bilboko Gazteen Enplegu Planaren inguruan antolatutako jardunaldi batean parte hartu dute. ‘Bilbao Entzumenak’ lelopean garatu den jardunaldian gazteek beren beharrak, itxaropenak eta zailtasunak azaltzeko aukera izan dute.

Izan ere, Udalak lehen eskuko informazioa eskuratu nahi du ondoren gazteei lan merkaturatzeko aukera emango dieten ekintzak definitzeko eta diseinatzeko.

Bilbao Arenan izan den jardunaldian gazteek beren iritziak komunean jartzeko aukera izan dute hainbat dinamiken bidez. Adibidez, egungo gazteek lan-merkatuan sartzeko dituzten hamar erronka nagusiak definitu dira: osasun mentala, belaunaldien arteko ezberdintasunak, globalizazioa, autoezagutza, soft skills direlakoak, enplegua bilatzeko tresnak, adimen artifiziala edota askotariko trantsizioak (soziala eta sanitarioa, ekologikoa eta ingurumenekoa eta teknologikoa zein digitala).

Bilbao Entzumenak

Jardunaldia Bilboko Udalak eta Lanbidek hitzartu duten 2022-2023ko Bilboko Enplegu Planaren barruan antolatu da. Aipatu planaren xedea da, besteak beste, gazteen langabeziari erantzutea eta kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzea.

Langabezian diren 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta planak 4,7 milioi euroko aurrekontua du, hots, iaz baino 1,1 milioi gehiago, eta lanaldi osoko 117 lanpostu berri sortu ditu. Gazteen Enplegu Planean askotariko profil profesionalak dituzten gazteak kontratatzea aurreikusi da, besteak beste, honako gai hauen gaineko prestakuntza dutenak: teknologia berriak, administrazioa, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza-baliabideak, web-proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultura-programazioa, turismo-sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, ingurumena eta gizarte-lana.