90eko panorama artistikoa San Telmo Museoan

Pasa den mendeko azken hamarkada ardatz duen erakusketa ekainaren 4ra arte ikusi ahal izango da

Donostiako San Telmo Museoak Nekane Aranbururen  ’90 berriak’ izeneko erakusketa hartuko du datorren ekainaren 4ra arte. Erakusketak pasa den mendeko 90eko hamarkadan lan egin zuten arte-kolektiboak ditu ardatz, eta kultura-ekosistema hura zaintzen eta transmititzen lagundu nahi du, ekimenen eta espazioen espiritua jasoz.

Proiektu honen unibertsoaren osagaiak lan artistikoak, bideo-artea eta bideo dokumentala, elkarrizketen audioak, dokumentu grafikoak, edizio alternatiboak, liburuak eta aldizkariak, egile-argazkiak, erakusketa-argazkiak, proiekzioak eta altzariak dira. Guztira 140 sortzaile eta kolektiboren lanak biltzen dira.

Hamarkada garrantzitsua

XX. mendeari amaiera eman zion hamarkada oso une garrantzitsua da aro digitalak amaiera eman baitzion aro analogikoari. Erakusketak lehen aldiz argitara aterako diren zenbait produkzio berreskuratzen ditu, guztiak ere engranaje koral baten barruan duten zentzuaren ikuspegitik begiratuta, non alderdi partizipatiboak betiere indibidualtasunak gainditzen dituen.

Aranburuk ibilbide kronologiko bat proposatzen du eta bilakaera hori biltzen du eta gertakari sozial paraleloak ere nabarmentzen ditu. Hasteko, orduan ‘teknologia berriak’ deitutakoen erabileraren garrantzia aztertzen da, batez ere bideo-artearen posibilitateen ikerketatik abiatuta garatu zirenak.

Europan 90eko hamarkadari buruz egin den lehen erakusketa handia da, euskal testuingurutik abiatuta funtsezko gai batzuk argitzen dituena, eta etorkizuneko historiografia berriak irekitzen dituena.