Zerbait kontatzeko al duzu?

Bilboko Udalak antolatzen duen ‘Konekta Doku’ tailerrak lankidetzan egindako dokumental batean parte hartzeko aukera eskaintzen die gazteei.

Bilboko ‘La Perrera’ eraikinak 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako ‘Konekta Doku’ doako tailerra hartuko du apirila eta maiatza bitartean. Guztira lau saio izango dira, apirilaren 1ean, 22an eta 29an eta maiatzaren 6an. Tailerrean hamabost gaztek parte hartu ahal izango dute eta aipatu lau saio horietan zehar ikus-entzuneko lengoaia eta narrazio-baliabideak ikasteko aukera izango dute. Amaieran, gazteek dokumental bat sortzeko, ekoizteko eta proiektatzeko aukera izango dute.

Tailerrean Bilbon bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete; nahikoa da grabatzeko gai den gailu bat izatea (kamera bat, smartphone bat…) Tailerrean parte hartu nahi duten horiek Bilbao Gazte webgunean den inprimakia osatu eta ideiakmartxan@bilbao.eus posta elektronikora bidali beharko dute martxoaren 19a baino lehen.