Sexu-indarkeria hitzorduen aplikazioetara ere iritsi da

Horrelako aplikazio baten bidez hitzordu bat izan zuten emakumeen % 22k bortxaketa jasan zuten.

Hitzorduetarako aplikazioak gero eta ohikoagoak dira gazteen artean harreman afektiboak eta/edo sexualak lortzeko. Baina aplikazio horiek ez dira oso leku seguruak emakumeentzat.

Emakume Gazteen Federazioak berriki ezagutzera eman duen  ‘Apps sin violencia sexual’ txostenaren arabera, Tinder aplikazio ezagunaren bidez hitzorduak izan zituzten emakumeen % 21,7k adierazi du “indarkeria esplizituaren bidez sexu-harremanak izatera behartuak izan zirela”, hau da, “terminoaren zentzu adostuenean, bortxatuak izan ziren, indarkeria fisikoa tarteko”. 

Gainera, aplikazio horretan hitzorduak izan dituzten emakumeen % 57,9 presionatuta sentitu ziren sexu-harremanak izateko.

Forma berriak

Txostenak Tinder aplikazioaren erabiltzaile diren 18 eta 35 urte bitarteko 963 emakume heterosexuali egindako inkesta batean jasotako datuak biltzen ditu. Ikertzaileek hitzorduen aplikazio hori aukeratu zuten, gazteen artean arrakasta gehien omen duena delako.

Tinder-en hitzorduak izan dituzten emakumeen % 57,9 presionatuta sentitu ziren sexu-harremanak izateko.

Ikertzaileek azaldu dutenez, “emakumeen aurkako sexu-indarkeriak forma berriak hartu ditu hitzorduen espazio birtualetan. Kasu horietan, sedukzio patriarkaleko ohiko modus operandiak, non sexu-indarkeria kokatzen den, akoplatu eta berrantolatu egiten dira”.

Emakume Gazteen Federaziotik azaldu dutenez, jasotako datuak ‘kezkagarriak’ dira. Inkestatutakoen % 57k, gutxi gorabehera, adierazi du bere hitzorduetako batek edatera animatu zituela sexua izateko asmoz; ia % 30ek esan du sexu-bikotekideak praktika batekin jarraitu zuela, nahiz eta min fisikoa eta gelditzeko gogoa adierazi, eta % 40k gauza bera sentitu zuen sexu-menderakuntzako praktikei dagokienez (BDSM).

Piropoak, biluziak edo eduki sexuala duten solasaldiak ohikoak omen dira erabiltzaile batekiko lehen elkarreraginetan. Beren fisikoari buruzko mezuak jaso dituzten erabiltzaileak % 92,2ra iristen dira. Horietatik, % 87 inguruk deseroso sentitu zela adieraz du eta % 79k onartu du biluzi-argazkiak bidaltzeko deseroso edo presionatuta sentitu zirela, eta % 69,3k presioa sentitu du beren borondatearen kontrako sexu-solasaldi esplizituak izateko.