Ziberdelituek gora egin dute Euskal Autonomia Erkidegoan

Euskadin teknologia berrien bidez egindako delituen kopurua % 41 hazi da 2019. urteaz geroztik eta dagoeneko guztizkoaren % 15 izatera iritsi dira.

Ziberdelinkuentzia mehatxu gero eta errealagoa da Euskadiko herritarrentzat. Teknologiaren aurrerapenarekin, mugikorren unibertsalizazioarekin eta digitalki egiten ditugun merkataritza- eta banku-transakzioen normalizazioarekin, ziberdelinkuentzia mehatxu bihurtu da guztiontzat. Delinkuentzia arruntarekin dagoen alde bakarra da erasoak ez direla kalean eta indarkeriaz egiten. Pasa den urtean, “Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2022ko Azterketa” txostenak jasotako datuen arabera, 133.989 delitu erregistratu ziren. Horietatik guztietatik, 113.842 (% 85) delinkuentzia arruntaren markoan eman ziren, hots, presentzialak izan ziren. Baina txostenak agerian utzi duenez, ziberespazioan jazotzen diren delituak dira gehien hazi direnak. Zehazki, 2022. urtean horrelako 20.147 delitu erregistratu ziren, hots, guztizkoaren % 15.

Joera hori pandemia garaian nabarmendu zen. Garai horretan, normala den bezala, itxialdiaren ondorioz, delitu presentzialek nabarmen egin zuten behera. Ziberdelituak, berriz, biderkatu ziren.

Itxialdiaren eragina 

Zehazki, 2022 eta 2019 urteak alderatzen badira (Covid-19ak eragindako osasun-murrizketarik gabeko pandemia aurreko azken urte alderagarria), Euskadin delitu presentzialak % 6 hazi zirela ikus daiteke; ziberdelituek, aldiz, % 41eko igoera izan zuten aldi berean.

2017. urteko datuekin alderatuta, berriz, horrelako delituek nabarmen egin dutela gora ikus daiteke, % 124, hain zuzen ere. 

Ziberdelituetan, biktimaren kaltea edo kalte ekonomikoa gaizkilearen presentzia fisikorik gabe gertatzen da. Gainera, delituaren kokapenak, bere birtualtasuna dela eta, ez du zertan bat etorri behar egilearen kokapenarekin. Horregatik, hainbat kasutan, Estatuaren subiranotasuna gainditzen da eta, ondorioz, nazioarteko lankidetzara jo behar da.

“Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2022ko Azterketa” txostenak honela definitzen ditu ziberespazioan, delitu informatikoan edo Internet bidez egindako arau-hauste penalak: informatikaren eta telekomunikazioaren sistemen, aplikazioen eta/edo zerbitzuen esparruan edo horien bidez egindako ekintza antijuridiko oro, bai bitarteko gisa, bai xede gisa.

Iaz erregistratutako 20.147 ziberdelituetatik, gehiengoa (% 90,3) ondarearen aurkako delituak izan ziren. 2019. urteko datuekin alderatuta, iruzur telematiko eta ondarearen kontrako iruzur horiek % 26 igo ziren. Guztira, 18.000 salaketa baino gehiago erregistratu ziren 2022an. 

Ziberdelituen % 5,4 pertsonen aurkakoak izan ziren eta % 4,3, berriz, usurpazio, bazterkeria edo faltsukeriagatik izan ziren.

Lurralde Historikoei dagokionez, Araban 3.437 ziberdelitu erregistratu ziren (guztizkoaren % 17,96). Horrelako delituak % 35 hazi dira Araban. Bizkaian 10.863 delitu telematiko erregistratu ziren, guztizkoaren % 14,4. Kasu horretan igoera, 2019. urtearekin alderatuta,  % 37,61koa izan da. Azkenik, Gipuzkoan, 5.847 horrelako delitu erregistratu ziren (% 14,83) eta igoera % 50,77koa izan da.