“Benetan aldatu nahi bada, beste politika aktiboago batzuk jarri behar dira abian”

Alicia Fernández de Piérola Martínez Equala aholkularitzako zuzendaria da eta Leire Martínez Etxeberria proiektuetako teknikaria. Equala 2001. urtean sortu zen eta genero-berdintasunean eta aniztasunean espezializatuta dago. Gazteen eta haurren artean diren matxismoak desagerrarazteko lan egiten du, sormen-sentsibilizazioko tailer eta jardueren bidez.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen artean diren genero-arrakala nagusiak identifikatzen dituen txosten bat argitaratu berri du. Zein puntutaraino eragiten du adinaren aldagaiak gizon eta emakumeen artean diren ezberdintasunetan?

Txostena aztertzean ikusi dugu, zenbait gaitan, adinaren araberako aldeak daudela. Adibidez, enpleguaren partzialtasunak gehiago eragiten die emakume gazteei. Gainera, ikerketak horren inguruko datuak ematen ez baditu ere, partzialtasun hori feminizatuta dauden lanbideetan ematen da nagusiki. Enpleguaren partzialtasunean, beraz, garbi dago biztanleria gazteari biztanleria orokorrari baino gehiago eragiten diola. Nafarroan, lan egiten ari diren emakume gazteen ia erdia lanaldi partzialean ari da; gizon gazteen kasuan, berriz, kopuru hori % 18koa baino ez da. 

Egia da, halaber, gazteen artean soldata-arrakala txikiagoa dela biztanleria orokorrean baino. Azterlanaren arabera, 4.520 euroko aldea dago emakume eta gizon gazteen artean. Biztanlerian, oro har, alde hori 7.270 eurotik gorakoa da.

Lan-eremuan gertatzen diren desberdintasunen azpian, lehen adierazi duzuen bezala, lanaren banaketa sexuala dago. Azterlanak alde handiak aipatzen ditu, bai ikasketetan, bai ekintzailetzaren gaian… 

Ekiten duten gizon gazteen ehunekoa emakume gazteena halako bi da. Egia da gai horretan hainbat faktorek eragiten dutela, hala nola nortasunak edo izaerak, baina arrakala, batez ere, generoaren sozializazioak eragiten du. “Ekintzaile” irudia gizonezkoen unibertsoarekin lotzen da oraindik ere. Familien itxaropenak ere oso garrantzitsuak dira. Neskei, oro har, segurtasuna eta egonkortasuna ematen duten lanetara bideratzen zaie. 

Urteak dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politiken arloan lan egiten ari dela, baina, gero, NGIrena bezalako ikerketek erakusten dute desberdintasun horiek hor jarraitzen dutela. Zergatik?

Emakume unibertsitario gehiago daudenaren datua eman ohi da. Baina horrelakoetan, guk Lanbide Heziketako datuak ere azpimarratu nahi izaten dugu. Datu hori, adibidez, ez da ikerketaren laburpenean adierazi. Nafarroan, ikasketa maskulinizatuetan den emakumeen presentzia (asko Lanbide Heziketakoak) ez da aldatu azken 30 urteetan.

Kontuan izan behar dugu lan- eta soldata-baldintza hobeak dituen industria-sektorean lan egitea ahalbidetzen duten ikasketak direla. Eta, jakina, lanpostu horiek, ia gehienetan, gizonek betetzen dituzte.

Datu horiek ikusita, zer lan egiten duzue gazteekin arrakalak murrizteko?

Duela urte batzuetatik hona, adin ezberdinetako ikasleekin lan egiten dugu, 5-6 urtekoekin hasi eta baita azken etapetan dauden horiekin ere, euskarazko zein gaztelaniazko tailerren eta formakuntzen bidez, genero-estereotipoak eta -rolak aztertu ahal izateko jarduera eta dinamika sortzaileak eginez, neska-mutilak parte hartzera eta beren iritzia ematera gonbidatuz. Jostailuak, kirolak, hedabideak, sare sozialak, publizitatea… aztertzen ditugu indarkeria matxistak hautemateko, eta kontziliazioa eta erantzunkidetasuna eta sexu- eta kultura-aniztasuna bezalako gaiak edo Martxoak 8 edo Azaroak 25 bezalako data esanguratsuak lantzeko. 

Diana Arboniés (@ lacrafetera) gure laguntzailearekin batera collageak, animazio-iragarkiak eta bideoak egitea proposatzen dugu, beren gogoetak islatzeko. Ahalduntze-tailerretan ere aritzen gara neskekin eta mutilekin maskulinitateak lantzen. Orain arte Atarrabian, Zizur Nagusian, Altsasun, Eguesibarko haranean, Sartagudan, Zangozan, Burlata, Mendabian, Beran, Auñamendiko Mankomunitatean eta Lodosan egon gara. Nafarroan eta Euskadin lan egiten dugu.

Nola alda daiteke egoera? 

Benetan aldaketak eta eraldaketak ikusi nahi baditugu, emaitzak lortzeko eragina duten politika aktiboagoak martxan jarri behar direla uste dugu.

Batzuetan, ikastetxe eta institutuetan, gurasoekin topo egin izan dugu eta gai hauek iraganeko gauzak direla esaten digute; desberdintasun horietako asko gaindituta daudela eta ez dagoela ezer lantzerik.

Ez dugu ahaztu behar, halaber, aldaketa horienganako erresistenteagoak diren pertsonak eta erakundeak daudela; dena berdin-berdin jarraitzea nahi dutenak, botere-harreman asimetriko batekin eta, hainbat kasutan, hautemanezina dena eta, sexua, jatorria, orientazioa, gizarte-klasea bezalako kontuak menderakuntzaren logika sozialetik kanpo uzten dituztenak.

Gazteak horrelako ezberdintasunez jabetzen al dira?

Berdintasunaren irudipen bat dago maila guztietan, gazteen artean eta, oro har, gizarte osoan. Gazteekin lan egiten dugunean, udalen edo ikastetxeen bidez, lehenik eta behin pentsatzen duten lehenengo gauza ‘txapa’ bat sartuko diegula da. Ikasgelan sartu eta erresistentziak ikusten dituzu. Guk modu ezberdin baten lan egiten dugu, egun diren desberdintasunez kontura daitezen. Denbora baten buruan, saioetan, oso adibide eta bizipen interesgarriak agertzen hasten dira, eta taldeek gogotsu amaitzen dute.

Egia da gazteria oso talde heterogeneoa dela. Oso pertsona harberekin eta interesa dutenekin egiten dugu topo, baina baita, horrelako gaien aurrean –nagusiki mutilak– bereari eusten diotenak. Mutil batzuk erasotuak ere sentitzen dira. Kontuan izan behar dugu, dena den, sexismoa ez dela norberaren kontu bat. Gizarte bezala arazo estruktural bat dugu eta esparru ezberdinetatik lan egin behar da: erakunde publikoak, erakundeak, enpresak, familiak…

Equalaren jarduera-eremuetako bat berdintasun-planak dira. Zertan datza horrelako plan bat?

Guk berdintasun-planak egiten ditugu, bai udalentzat, bai erakundeentzat, bai enpresa pribatuentzat. Udalen kasuan, planak kanpokoak izan daitezke, hots, herritarrekin ekintza ezberdinak garatzeko; edo barrukoak izan daitezke bere langileriarekin lan egiteko. Azken horiek enpresa batean gara daitekeen plan baten antzekoak dira. 

Funtsean, lehenik eta behin, langileriaren inguruko diagnostiko bat egiten da hainbat alderdi ardatz hartuta: hautaketa, formakuntza, promozioa, sexu-jazarpena, lan-baldintzak, banaketa eta, noski, ordainsariak. Hobetzeko puntu nagusiak identifikatu ondoren, neurri zehatzak dituen plan bat diseinatzen da, normalean, lau urtera.

Plan horien xedea da erakunde batean egon daitezkeen genero-arrakalekin amaitzea. Hori plan bakar batekin lortzea zaila da, baina garrantzitsuena, kasu honetan, aurrera egiten jarraitzea da. 

Azken batean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat behar bezala aplikatzeak emaitza ekonomiko hobeak dakartza epe ertain-luzean, eta lan-giro ona bermatzen du: lankideen arteko berdintasunaren pertzepzioa, justizia hautaketa eta promozio prozesuetan, talentuaren atxikipena… Hori lortzen ez bada, horrelako diskriminazioek, kontziliatzeko arazoekin eta sexu-jazarpenarekin batera, emakumeak enpresak beren borondatez uztera eraman ditzakete.

Txostenak aztertzen duen beste gaietako bat genero-indarkeriarena da. Bertan diren datuen arabera, indarkeria mota hori oso presente dago Nafarroako gazteen artean. 

Datu horrek indarkeria matxisten multzoari egiten dio erreferentzia, eta deigarria da, salatzen dutenak gehienbat emakume helduak direla dioen irudipena desmuntatzen baitu. Indarkeria mota asko daude. Txostenak dioenez, 2021ean, NOUko ginekologia-zerbitzuan sexu-indarkeriaren ondorioz artatutako emakumeen % 71 gazteak ziren.

Sexu-erasoek eragin handiagoa izaten dute adin-tarte horietan, eta genero-indarkeria muturrekoenaren adierazpenak izan daitezke. Baina badira ikusezin bihurtzen diren beste batzuk ere. Gai honetan funtsezkoa da prestakuntza, bai nesketan, bai mutiletan. Mutilen kasuan indarkeria ez erabiltzeko eta, nesken kasuan, inolako indarkeriarik ez jasateko, intentsitate txikikoak deiturikoak badira ere.

Mutil gazteen artean komunak dira naturalizatzen diren eta neskek normalizatzen dituzten zenbait keinu eta iruzkin (bikoteen kontrola, nahi ez diren sexu-praktikak, etab.). Baina horiek ere indarkeria dira. Gizarte gisa jarrera horiei mugarik jartzen ez badiegu, beste indarkeria motak -hitzezkoa, psikologikoa, fisikoa, sexua- agertuko dira, eta, dakigun bezala, ehuneko txiki batean baino ez dira salatuko.