Webgune berri batek kontrazepzioari buruzko amen-omenak desmuntatzen ditu

Espainiako Kontrazepzio Elkarteak azaldu duenez sexu-transmisiozko gaixotasunek nabarmen egin dute gora azken urteotan

Sare sozialen erabilera biderkatzearekin batera kontrazepzioaren inguruko mitoak eta desinformazioa ere areagotu dira. Gezurra badirudi ere, mediku askok erantzun behar diete honelako galderei: ‘haurdun gera naiteke eiakulazioaren ondoren bagina garbitzen badut? edo ‘haurdun gera naiteke sexu-harremanak zutik baditut?’

Espainiako Kontrazepzio Elkarteak (SEC) azaldu duenez, azken urteotan sexu-transmisiozko gaixotasunek nabarmen egin dute gora. Abortu kopurua ere arinki igo da. Testuinguru horretan elkarteak kontrazepzioari buruzko informazio zehatza eskaintzen duen webgune bat jarri du martxan. Webguneak gai horren inguruan diren amen-omenak desmuntatzen ditu.

Datuak

Estatuan sexu-delituengatiko salaketek gora egin dute etengabe, eta adingabeek egindakoak bikoiztu egin dira azken bost urteetan. Fiskaltzaren datuen arabera, 2021ean 2.625 salaketa jarri ziren 18 urtetik beherakoek sexu-askatasunaren aurka egindako ekintzengatik. 2016. urtean  1.271 salaketa jarri ziren.

Sexu-transmisiozko gaixotasunak gero eta ugariagoak dira eta, ondorioz, arnas patogenoek eragindakoen atzetik, gaixotasun infekziosoren bigarren kausa bilakatu dira Europa mailan.

Abortuei dagokienez, 2021ean 2020an baino 1.920 abortu gehiago izan ziren. Guztira,  90.189 haurdunaldi eten ziren borondatez eta horietatik guztietatik, 312 15 urtetik beherako neskena izan ziren.

Adituen ustez, datu horien guztien atzean metodo antikontzeptiboen erabilera okerra edo falta aurkitzen da. Eta erabilera oker horren arrazoia sexu-heziketa egoki baten faltaren ondorioa litzateke. Adibidez, Bartzelonako DBH4ko ikasleen artean egindako inkesta baten arabera, nerabeen erdia bakarrik dago “erabat ados” preserbatiboa beti erabili behar dela baieztapenarekin.

Ildo berean, SEC-ek bi urtean behin egiten duen inkestaren azken edizioaren arabera, hesi-antisorgailuren bat (kondoia, diafragma…) erabiltzen duten emakumeen heren batek onartzen du ez duela beti antisorgailu horiek erabiltzen. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatzen dira: sentikortasuna galtzen da eta ustekabeko harremanak.

Sexu-heziketa

Webgune berriarekin batera, Espainiako Kontrazepzio Elkarteak Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Legea betetzeko kanpaina bat jarri du martxan. Zehazki, hezkuntza afektibo-sexuala eskola-curriculumean sartzeko eskatzen da.

Abortuaren inguruko lehen legeak jada sexu-heziketa sustatzearen beharra jasotzen zuen, baina hori ez da bete edukiak modu irregularrean, ausazkoan eta ez-trinkoan irakasten baitira. Berriki onartu den legeak Berriki onetsitako erreformaren arabera, sexu-heziketa etapa guztietan irakatsi behar da, modu arautuan eta zeharka, ikasleriari egokituta eta haren garapen osoan laguntzeko helburuarekin.