Haustura sentimentalak gainditzeko laguntza

Zeelanda Berriko Gobernuak gazteei zuzendutako kanpaina bat abiarazi du, harreman bat utzi ondoren sentimenduak modu osasuntsuan kudeatzen laguntzeko

Haustura bat esperientzia gogorra eta larria da eta tristura, autoestimu baxua eta bakardadea bezalako sentimenduak eragin ditzake. Haustura sentimentalek, gainera, nahaste emozional handia sortu eta pertsona baten osasun mentalari kalte larria egiten diezaiokete.

Gazteei horrelako egoeretan laguntzeko, Zeelanda Berriko gobernuak ohiz kanpokoa den kanpaina aitzindari bat jarri du martxan. Kanpainak, haustura sentimental bat bizi duten gazteei laguntza eskaintzeaz gain, epe luzera etxeko indarkeria saihestea ere du helburu. Izan ere, ekimenaren arduradunen ustez, gazteei prestakuntza-esperientzia horien bidez laguntzeak hobetu egin dezake etorkizunean harremanei aurre egiteko izango duten modua.

“Badakigu hausturek min egiten dutela. Gure gazteak lagundu nahi ditugu min hori kudeatzen eta jakin dezatela aurrera egiteko bide bat dagoela, bere buruari eta besteei kalte egin gabe” azaldu du Priyanca Radhakrishnan ministroak.

Love Better

Love Better lelopean garatzen ari den kanpainaren bidez haustura baten aurrean zer egin daitekeen azaltzen zaie gazteei eta min-sentimenduak prozesatzeko modu osasuntsuak iradokitzen ditu. Jendeari “sentimenduez jabetzeko” eskatzen dion kanpainaren barruan horrelako benetako esperientziak izan dituzten gazteak aurkezten dira antzeko egoeran izan daitezkeen gazteei laguntzeko.

Gainera, programak adituekin harremanetan jartzeko aukera ere ematen du, haustura sentimental bat jasan duten gazteei berariazko aholkuak emateko eta sentimenduak modu osasuntsuan kudeatzeko proposamenak egiteko.

Zeelanda Berriko gobernuak iaz egin zuen ikerlan baten arabera, herrialdeko 16 eta 24 urte bitarteko gazteen ia % 80k harreman sentimentalen bat izan du eta horietatik guztietatik % 87k haustura bateko min normaletik haratago doen sufrimendua pairatu du.

Ikerketaren arabera, gazteen % 55aren ustez ezin da harreman bati amaiera eman sufrimendurik gabe. Eta hein handi batean sufrimendua emozionala izan bada ere, sei gaztetik batek eztabaida fisikoei aurre egin behar izan die harremanean zehar.

UNICEFen datuen arabera, Zeelanda Berriak  mundu garatuko herrialdeen artean gazteen suizidio-tasarik handienetako bat du.