Zabalik aurtengo Auzolandegietan izena emateko epea

Aurretiko izen-ematea maiatzaren 8an amaituko da eta, ondoren, maiatzaren 10ean, helmugak aukeratzeko zozketa egingo da.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituen Auzolandegiak programan izena emateko epea zabalik da. Beren borondatez, jatorri desberdinetako beste gazte batzuekin batera, proiekzio sozialeko lanetan 15 egunez parte hartu nahi duten gazteek maiatzaren 8ra arte izena emateko aukera izango dute.

Aurtengo edizioan hamar izango dira Euskadin antolatuko diren auzolandegiak. Adinaren baitan hiru auzolandegi mota antolatu dira:

  • 14-17 urte bitarteko gazteentzako auzolandegiak. Lau auzolandegi izango dira, Muxikan, ArraiaMaeztun, Alonsotegin eta Trapagaranen. Guztira 80 plaza eskainiko dira. Uztailaren 2tik 16ra bitartean Muxikan izango den auzolandegia guztiz euskaraz izango da eta Hego Euskal Herriko gazteek bakarrik parte hartuko dute. Arraia-Maeztuko auzolandegia, berriz, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen esparruan antolatuko da. Bertan, 20 adingabek San Ildefonso asfalto-fabrikaren leheneratze arkeologikoan lan egiteko aukera izango dute.
  • 16-21 urte bitarteko gazteentzako auzolandegiak. Kasu honetan bi izango dira antolatuko diren auzolandegiak, bata Bilbon eta bestea Erandion. Guztira 35 plaza eskainiko dira.
  • 18 eta 26 urte bitarteko gazteentzako auzolandegiak (30 urtera arte dibertsitate funtzionala duten gazteen kasuan). Adin-tarte horretako gazteei zuzendutako auzolandegiak Bergaran, Lekeition, Lemoan, Derion eta Muxikan izango dira. 115 plaza daude aukeran. Muxikako auzolandegiak nazioarteko izaera izango du eta, hortaz, beste herrialdeetako gazteak ere izango dira. Auzolandegi horretan erabiliko den hizkuntza, nagusiki, ingelesa izango da. Beste auzolandegietan estatuko gazteek parte hartuko dute eta, ondorioz, hizkuntza nagusiak gaztelania eta euskara izango dira.
Euskadin eta atzerrian

Euskadin antolatuko diren auzolandegi bakoitzean berariazko gai bat jorratuko da: arkeologia eta industria-ondarea leheneratzea, ondare historikoa eta ingurumena leheneratzea, adinekoen gizarte-dinamizazioa, memoria historikoa, etab.

Euskadin antolatuko diren auzolandegiez gain, 18 urtetik gorako gazteek Estatuko beste autonomia erkidegoetan edo atzerrian antolatuko diren auzolandegietarako ere izena eman dezakete.

Auzolandegietan parte hartzen duten gazteek auzolandegi bakoitzari dagokion gaian lan egin beharko dute goizetan. Arratsaldetan eta asteburuetan, berriz, jarduera osagarriak eta jolas-, kultura- eta kirol-jarduerak burutuko dira.

Izen-ematea

Esan bezala, aurretiko izen-ematea maiatzaren 8an amaituko da eta, ondoren, maiatzaren 10ean, helmugak aukeratzeko zozketa egingo da. Izena emateko txandak maiatzaren 11n argitaratuko dira, eta plazarako izen-ematea/hautaketa maiatzaren 15etik aurrera egingo da. 

Izen-emateak elektronikoki egin behar dira gazteaukeraren webgunearen bidez eta hortaz, BakQ bezalako identifikazio elektronikorako txartelaren bat izan beharko da.