Euskadiko biztanleriaren % 83k egunero erabiltzen du Internet

EAEko biztanleriaren % 64 sare sozialetara konektatu ohi da, baina 29 urtetik beherakoen artean kopuru hori % 95eraino igotzen da

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak teknologia digitalek eguneroko bizitzan duten eragina aztertzen duen ‘Teknologia digitalen eragina eguneroko bizitzan’ azterlana argitaratu berri du. Aipatu txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 83k egunero erabiltzen du Internet.  

Erabilerari dagokionez, euskal biztanleen % 39k orduero erabiltzen du Internet; laurden batek 2-3 orduero eta bosten batek maiztasun txikiagoarekin. Telefono mugikorra da Internetera konektatzeko gehien erabiltzen den gailua; herritarren % 76 telefonoaren bidez konektatu ohi da. Jarraian mahai gaineko ordenagailua (% 10) eta ordenagailu eramangarria (% 9) dira gehien erabiltzen diren gailuak, baina horien erabilera gero eta txikiagoa da. Internetera konektatzeko telefonoa erabiltzen duten horien kopurua, berriz, hamar puntutan hazi da azken hiru urteetan.

Telefono mugikorra da Internetera konektatzeko gehien erabiltzen den gailua; herritarren % 76k telefonoaren bidez konektatzen da

Txostenak jaso duenez, euskaldunak, nagusiki honako jarduera hauek egiteko konektatzen dira Internetera: bankuko gestioak (% 74), ikus-entzunezko edukiak ikusi (% 64), hedabide digitalak irakurri (% 63) eta produktuak edo zerbitzuak erosi (% 60).

Segurtasunaren inguruko kezka

Inkestatutakoen % 68k kezka agertu du delitu informatiko baten biktima izan daitezkeelako eta biztanleriaren ia erdiak (% 46k) uste du ez dagoela behar bezala babestuta horrelako mehatxuen aurrean. Inkestatutakoen % 11k dio erabat babestuta sentitzen dela.

Sare sozialen erabilera

Sare sozialen erabilera oso zabalduta dago euskal herritarren artean. Biztanleria orokorraren % 64 horrelako sareetara konektatu ohi da, baina 29 urtetik beherakoen artean kopuru hori % 95eraino igotzen da. Sare sozialetan agertzen den informazioari ematen zaion sinesgarritasuna, batez ere, informazioa partekatzen duen pertsonaren sinesgarritasunaren (% 31), ondo dokumentatuta egotearen (% 28) edo beste hedabide batzuetan agertzearen (% 24) araberakoa da.