Nafarroako gazteentzat immigrazioa positiboa da

Nafarroako Gazteriaren Institutuak argitaratu duen ikerlan baten arabera,
hamar gaztetik zortzik hautatuko lukete jatorri, kultura eta erlijio desberdineko pertsonek osatutako gizarte heterogeneo batean bizitzea

Nafarroako biztanleria gaztearen gehiengo handi batek immigrazioa gizartearentzat positiboa edo oso positiboa dela uste du. Era berean, modu idealean, hamar gaztetik zortzik gizarte heterogeneoan eta multikulturalean bizitzearen alde egingo lukete, non jatorri, kultura eta erlijio desberdineko pertsonak bizi diren.

Hori da, hain zuzen ere, Nafarroako Gazteriaren Institutuak berriki ezagutzera eman duen ‘Gazteria eta Bizikidetza’ ikerketa monografikoak utzi dituen ondorio nagusiak.

Zehazki, biztanleria gaztearen % 68,3rentzat immigrazioa positiboa da gizartearentzat eta % 7,8k, berriz, oso positiboa dela deritzo. Hamar gaztetik bik ez du gai horren inguruan iritzirik eman nahi izan.

Txostenak gazteen eta kolektibo minoritario edo minorizatuen arteko harremana aztertzen du, hala nola, ezgaitasuna duten pertsonak, bisexualak, transgeneroak, pertsona homosexualak, buruko eritasuna duten pertsonak, erlijio musulmaneko pertsonak, etorkinak eta ijitoak.

Aberasgarria 

Nafarroako gazteriaren % 63,8k uste du immigrazioak kultura aberasten duela; % 22,4k, berriz, ez du hala ikusten; eta % 13,9k ez du iritzirik eman.

Nafarroako gazte gehienek ez dute inolako mesfidantzarik adierazten kolektibo minoritario desberdinak bizilagun izateko. Txostenaren arabera, gutxiengo bat dira zuhurtzia adierazten dituzten erantzunak edo horietako batzuekiko errefusa esplizitua adierazten dutenak. 

Talde guztietatik, ijitoen etnian daude aurreiritzi handienak Nafarroako gazteen artean. Zehazki, gazteen %10,5ek adierazi du ijitoak auzokide izateko ideia baztertzen duela. Jarraian, erlijio musulmaneko pertsonak aurkituko lirateke: gazteen % 5,7k nahiago luke erlijio horretako auzokideak ez izatea.

Era berean,gazteen % 5,0k adierazi du buru-eritasunen bat duten pertsonak auzotar gisa izateko dituen erreparoak eta aurreiritziak, eta % 4,9k antzeko erreparoak ditu etorkinekin.

Bizikidetza, homofobia eta transfobia

Nafarroako hamar gaztetik bederatzik baino gehiagok uste dute lagun batek lesbiana edo gay dela adierazten badie, beste aukera sexual bat bezala onartuko luketela eta horrek ez lukeela haien arteko harremana batere aldatuko.

Aldiz, gazteen % 4,4 eta % 4,3k bitartean onartzen du, gay edo lesbiana izatearen arabera, aldatu egingo litzatekeela lagunarekiko jarrera edo harremana, harremana mantenduz, baina erreserba batzuekin, edo harremana behin betiko apurtuz.

Lagun batek bere identitate transgeneroa jakinaraztera emango balu, erreserba batzuk adierazten dituzten gazteen kopurua % 7,1era igotzen da laguna mutila bada eta emakume sentitzen dela adierazten badu, eta % 6,8ra, laguna neska bada eta gizon sentitzen dela adierazten badu.

Kolektibo horretako pertsona bat bere bizilaguna balitz, gazteen % 3 deseroso sentituko litzateke pertsona hori bisexuala bada; % 3,2 trans pertsona bada; eta % 3,3 pertsona homosexuala bada. Txostenak agerian uzten duenez, gaitzespen-maila askoz txikiagoa da LGTBI+ kolektiboarekiko, kolektibo arrazializatuekiko baino.

Txostenak, halaber, inkestatutako gazteei galdetzen die nola biziko luketen genero bereko pertsona batenganako erakarpena. Kasu horretan, Nafarroako gazteen % 72,2k dio bere sentimenduak edo gustuak beste pertsona batenak bezain errespetagarriak direla.

Gazteen % 2,4k, berriz, suposizioa onartu eta zerbait iragankorra edo bere pertsonarena ez den zerbait dela pentsatuko lukeela adierazi du. Azkenik, gazteen % 15,4k adierazi du inoiz gertatuko ez litzatekeen aukera  edo suposizio bat dela.