Ikus-entzunezko plataformetan euskararen presentzia handiagoa eskatu du Euskarabideak

Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Segimendu Batzordeak ikus-entzunezko plataforma nagusiekin harremanak areagotuko ditu, hizkuntza-aniztasunaren aldeko apustua indartzeko

Hil honen hasieran Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Segimendu Batzordeak bilera egin du Palma Mallorcakoa hirian. Bertan izan dira, besteak beste, Balearretako, Euskadiko, Galiziako, Kataluniako, Nafarroako eta Valentziako Erkidegoko gobernuetako ordezkariak. 

Bilera horren gai nagusia plataforma digital nagusietan aipatu autonomia erkidegoetako hizkuntza koofizialetan ikus-entzunezko plataforma nagusietan den edukien eskasia izan da. Hortaz, ikus-entzunezko plataforma nagusienetara idatzi bat igortzea adostu da, ordezkatzen dituzten lurraldeetako hizkuntza ofizial propiotan bikoiztu edo azpidatzi diren edukien behar adinako eskaintza bat eskuragarri jartzearen garrantziaz jabetu daitezen. Ildo berean, batzorde horretako kideek ziurtatu dute plataforma horietako bakoitzarekin harremanak areagotuko dituztela, hizkuntza-aniztasunaren aldeko apustua indartzeko.

Topaketan zehar, bestalde, Espainiako Irrati Telebistarekin (RTVE) ospatutako bilera eman da jakitera, zeinetan erakunde publikoari neurriak har ditzan eskatu zaion bere edukiak gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizialetan eskaintzeko, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra betetzeko helburuarekin, bereziki haurrengana zuzendutako Clan kanalean.

Interneten ere baztertuta

Horrez gainera, batzordeko kideak kezkatuta azaldu dira, Google bezalako Interneteko bilaketa-tresnen erabileran gaztelania ez diren hizkuntza ofizialetan lortutako emaitzak baztertzeak eragindako egoeragatik. Administrazio ezberdinek hizkuntza bakoitzerako eskuragarri dagoen informazioa trukatu dute eta euren nahia litzateke arazoa ahalik eta azkarren ebatzi ahal izatea, izan ere, Interneteko hizkuntzen erabileran zuzenean eragiten du.

Era berean, Espainiako Gobernuaren aurrean erreklamatuko dute ETEei zuzendutako Kit Digital Programaren oinarriak aldatzea, Estatuko hizkuntza ofizial orotan garatutako proiektuak finantzatu ahal izan daitezen, gaztelania barne hartzen den edo ez alde batera utzita.