Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 32. edizioa

Maiatzaren 4tik 21era bitartean ospatuko da eta emanaldiak auzoetako hainbat taberna eta ez ohiko lokaletan izango dira.

Maiatzaren 4tik 21era bitartean Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiaren XXXII. edizioa ospatuko da. “Gure erosotasun-eremutik ateratzea, espazio berriak bilatzea eta jendearengandik hurbilago egotea” helburu duen jaialdiak antzerkia, umorea, magia, mentalismoa, bakarrizketak eta musika izango ditu osagai nagusiak. Programazioa osatzen duten emanaldiak ostegunetik igandera izango dira eta auzoetako taberna eta espazio ez ohikoetan izango dira.

Programazioa

Guztira 15 konpainia izango dira Donostian eta 33 emanaldi eskainiko dituzte 25 gune ezberdinetan. Programazioa osatzen duten 33 emanaldietatik 17 euskaraz izango dira. Emanaldietarako sarrera doakoa izango da  edukiera osatu arte.

Programatuta dauden emanaldien artean Nomofobikak konpainiaren ‘Krish eta Krash ile-apaindegia’ konpainiaren estreinaldia azpimarratu behar da. Antzezlan horrek Euskarazko Antzerki Sorkuntza saria irabazi du. Gainera, aipatu sarian finalista izan den Ion Martínez Esnaola, Txikiren ‘Euskaldunen jatorria, historia ta irria’ antzezlana ere ikusgai izango da.

Programazioa osatzen duten beste lan esanguratsu batzuk honako hauek dira: Pepín Tre-ren ‘Verdades como puños’; Diego Peñaren ‘Veintiuno’; Amelié la Magaren ‘Más magia’; edo, Tartean Teatroaren ‘Ez dok Ero (desentxufatua)’.

Aurtengo edizioari amaiera emateko maiatzaren 19an izango den jaian Demode Quartet-en ‘EPA’ musika-ikuskizuna eta Albina Stardust & Divina Comedia, ‘Drag Show’ ikuskizuna ikusi ahal izango dira.