Hiri-kultura protagonista izango da Barakaldon

Break OnStage jaialdiaren edizio berri bat izango da maiatzaren 6an

Barakaldok Brake OnStage hiri-kulturaren jaialdiaren edizio berri bat hartuko du maiatzaren 6an. Programazioaren barruan ekitaldi nagusietako bat KYR4 abeslariak Herriko Plazan emango duen kontzertua izango da.

Jaialdia osatzen duten kirol-, musika-, dantza-, eta hiri kultura ekitaldiak lau gune ezberdinetan izango dira. Adibidez, eguerdiko ordu bietan, Barakaldes pilotalekuan, ‘bat baten kontra’ modalitateko breakdance lehiaketa izango da.

16:00etatik 18:00etara, Lasesarre Skate parkean, Scooter Freestyle lehiaketa izango da. Scooter patineteen gaineko akrobazia eta jauziez gozatzeko eta inguruko scooter riders onenetako batzuk ikusteko aukera paregabea da hau.

18:00etan, Barakaldo Antzokiak Break OnStage jaialdiaren ekitaldi nagusia hartuko du. Ekitaldi horretan hiru diziplinaz gozatu ahal izango da: hiri-dantzen finala, breakdance eszenikoaren lehiaketa eta hiri-kulturarekin harremana duten beste zenbait ikuskizun. Ekitaldi honetarako sarrerak 9 eta 12 euroren truke eros daitezke.

Aurtengo edizioari amaiera emateko, 20:00etan, herriko Plazan, KYR4 abeslariak eta eguerdiko 1vs1 breakdance saioko finalistek hiriko musika eta dantza ikuskizun paregabea eskainiko dute. KYR4 hiriko musikako artista gaztea da, bere letra poetikoengatik eta ahots-trebetasun bikainagatik nabarmentzen dena. KYR4k oso denbora gutxian biral bihurtzen diren abestiak sortzen ditu; hilabete gutxi batzuetan milioika bisita lortu ditu sarean.

Kontzertuarekin batera breakdance eta AllStyle 1vs1 finalak izango dira.