Zientzia tabernako barran

Pint of Science 2023, tabernetan egiten den zientzia-dibulgazioko jaialdia Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroara iritsiko da maiatzaren 22, 23 eta 24an

Zientzia, esperimentuak eta tabernak. Horixe da hil honen 22, 23 eta 24rako Pint of Science 2023k proposatzen duena. Pint of Science dibulgazio zientifikoko jaialdi lasaia eta atsegina da, non  ikertzaileek eta ikusleek taberna batean bat egiten duten.

Zientziaren komunikazio-modu berezi horren ezaugarri nagusia da gure hirietako tabernak, egun horietan, laborategi inprobisatu bihurtzea, ohiko bezeroei eta interesdun guztiei zientziaren aurrerapen berrienak erakusteko. Pint of Science Zientzia Dibulgazioko Jaialdiaren 2023. edizioa Estatuan egingo den 8. edizioa izango da.

Euskadin

Euskadin, Bilboko lau tabernak, Donostiako bostek, Gasteizko bik eta Ondarroako hiruk hartuko dituzte UPV/EHUko eta ikerketa zentroetako zientzialariek eskainiko dituzten doako 60 dibulgazio-hitzaldi baino gehiago.

Pint of Science 2013an Erresuma Batuan sortu zen ekimena da. Michael Mostkin eta Praveen Paul ikertzaileek ekitaldi bat antolatu zuten bere laborategian osasun mentaleko arazoak zituzten pertsonei haien ikerketen berri emateko. Pertsona horiengan izan zuten eragin positiboa ikusirik, zientzia-dibulgazioa beste pertsona askorentzat onuragarria izan zitekeela pentsatu zuten eta, horrela, dibulgazio lan hori jendea biltzen den lekuetara eramatea bururatu zitzaien, hots, tabernetara. Zenbait urte beranduago, ekimen hori mundu osoan zehar errepikatuko zen.