Sare sozialak ez dira sinesgarriak nafar gazteentzat

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren inkesta batek erakutsi duenez nafar gazteentzat prentsa tradizionalak du, paperean eta online, sinesgarritasun handiagoa

Sare sozialak eta Internet omen dira Nafarroako gazteen informaziorako eta gaurkotasunerako bide nagusia. Hala ere, nafar gazteentzat prentsa tradizionalak du, paperean zein online diren egunkari eta aldizkariek, sinesgarritasun handiagoa. Hori da, hain zuzen ere, NGIk kaleratu berri duen Gazteria eta Bizikidetza azterlan monografikoaren ondorio nagusietako bat.

Egunerokotasunarekiko interesa

Txostenak erakusten duenez, gazteriaren gehiengoak albisteekin, bideoekin eta iritziekin egunerokotasunaren berri izateko interesa azaltzen du. Horrela, gazteen erdiak baino gehiagok (% 51,8) ‘nahiko interesatuta’ dagoela dio eta % 21,6k ‘oso interesatuta’. 0 eta 10 bitarteko eskala batean, nafar gazteek egunerokotasunarekiko azaltzen duten batez besteko interesa 7,1ekoa da. Izan ere, gazteen % 17,9k ez du hainbesteko interesik azaltzen eta % 8,6k, berriz, ‘oso interes gutxi’ duela onartzen du.

Gazteen % 88k sare sozialetara jotzen du informazio bila. Horietatik, % 52k egunero egiten du eta % 18,3k astean hiruzpalau egunetan. Bestalde, gazteen % 82,1ek, maiztasun handiagoz edo txikiagoz, online prentsako artikuluak irakurtzen dituela  dio. Online prentsa egunero irakurtzen duten gazteen kopurua % 38koa da, hots, sare sozialetan egunero informazio bilatzen dutenak baino 15 puntu gutxiago. Gazteen ia % 20k dio astean hiruzpalau aldiz irakurtzen duela online prentsa.

Gazteek albistegi, telebistako egunerokotasunaren inguruko erreportaje eta streaming plataformen bidez ere informazioa lortzen dute. Kasu horretan, inkestatutakoen % 16,7k egunero egiten dutela adierazi dute.

Ikerketaren arabera, emakume gazteek gizon gazteek baino gehiago erabiltzen dituzte sare sozialak, foroak eta blogak. Gauza bera gertatzen da telebistako erreportajeekin eta plataformekin. Gizon gazteek, berriz, gehiago jotzen omen dute albistegietara eta irratiko erreportajeetara eta podcast-etara.

Adinari dagokionez, 26 urtetik gorako gazteen artean prentsa tradizionalaren (paperean eta online), irratiaren eta podcast-en kontsumoa handiagoa da.

Hedabide fidagarrienak

Sare sozial digitalak mundu globalizatu baterako leiho gisa eta, aldi berean, eguneroko informazio-iturri eta interakzio sozial gisa finkatzeak aldatu egin du norberaren iritziak sortzeko modua, askotan albiste faltsuen eta amen-omenen eraginpean egoten direnak.

Sare sozialen aldeko lehentasuna azaldu arren, nafar gazteentzat prentsa tradizionalak (egunkariak eta aldizkariak) sinesgarritasun handiagoa du. Gazteen % 52,2rentzat prentsa tradizionalak sinesgarritasun ‘handia edo nahikoa’ du; gazteen % 31 eta 26,5entzat, berriz, sare sozial digitalek eta blog eta foroek, hurrenez hurren, sinesgarritasun ‘gutxi edo bat ere ez’ dute.

Gazteek albisteen faltsutasunaren inguruko kezka dute; % 65,5ek dio ‘oso edo nahiko’ kezkatuta dagoela gai horrekin. Gazteen erdiak baino gehiagok (% 55,6) azken hiru hilabetetan sare sozialetan ikusi duen eta susmagarria irudi zaion informazioren baten egiatasuna egiaztatu behar izan duela dio.

Amen-omenen eta albiste faltsuen inguruko kezka nabarmen handiagoa da 26 urtetik gorako gazteen artean. Kontsultatutako adin tarte horretako  gazteen % 28,8 oso kezkatuta azaldu da. Kopuru hori kezka maila bera azaltzen duten 25 urtetik beherakoena baino 10,3 puntu altuagoa da.

Fenomeno horren konplexutasunak agerian uzten du hainbat gazteren zaurgarritasuna, bereziki, 20 urtetik beherakoen artean. Izan ere, gazte askok onartzen dute ez dituztela gaitasun edo ezagutza nahikorik zalantzagarriak izan daitezkeen informazioen egiatasuna egiaztatzeko.

Hamar gaztetik  ia zortzik (% 77,8) hedabide edo kanal ezberdinetatik informazioa lortzen duela dio. Kasu horretan, beren ideia, iritzi edo sinesmenekin bat egiten duten hedabideetara ez ezik, bestelako hedabideetara ere jotzen dutela adierazten dute. Norberaren interesekin bat egiten duten hedabideetara bakarrik jotzen duten gazteen kopurua % 18,4koa da. Norberarekin interesekin bat egiten ez duten hedabideetara nagusiki jotzen duten gazteak, berriz, % 4,3 dira.

Norberaren interesekin bat egiten duten hedabide edo kanaletara jotzeko joera nabarmenagoa da emakume gazteen arten eta 20-25 urte bitarteko gazteen artean.

Eztabaida eta iritzia

Bere burua politikoki eskuindartzat jotzen duten gazteen % 28,9k ideologia horretako hedabideetara jotzen dute nagusiki; ezkertiarren kasuan, kopuru hori % 23,7koa litzateke. Politikoki jarrera ez hain agerikoak dituzten gazteen artean informazio iturriak askotarikoagoak omen dira.

Interneteko eta sare sozialetako espazio birtuala informaziorako kanala izateaz gain, edukiak zabaltzeko eta anplifikatzeko eta eztabaidatzeko gunea ere bada. Horrela, hamar nafar gaztetik bederatzik (% 92,5) adierazi du Interneten eta sare sozialetan aurkitzen dituen albiste, informazio eta eduki interesgarriak irakurri ohi dituela. Bestalde, % 36,6k interesgarriak iruditzen zaizkion edukiak partekatu eta zabaltzen ditu. Edukien zabalkundea ohikoagoa omen da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino; % 45,6 eta % 28,0, hurrenez hurren. Irakurri duten horren inguruan iritzia ematea ez da hain ohikoa gazteen artean. Oro har, gazteen % 15,1ek jarrera aktiboa izan ohi du bere iritzia partekatuz Interneten eta sare sozialetan. Azken hiru hilabeteetan nafar gazteen % 11k bakarrik eman omen du bere iritzia webguneren batean edo sare sozialetan.

Kultura digitalaren barruan, gazteen % 51,6k dio ‘sarritan’ errespetatzen dituela sare sozialetan bestelako iritziak eta %  22,5ek ‘nahikotan’. Ildo horretan, nafar gazteen % 77k adierazi du ez duela inoiz difamatu edo iraindu beste pertsona bat sare sozialetan, eta ez duela parte hartu inolako lintxamendu digitaletan.

Txostenak azaldu duenez, ikerketan parte hartu duten gazteen % 57,1ek adierazi du Internet eta sare sozialak erabiltzeagatik murriztu egin dela beste jarduera batzuetarako denbora: lo egiteko denbora (% 36,8), telebista ikusteko denbora (% 31,0) eta irakurtzeko denbora (% 29,1). ‘Kaltetuta’ izan diren beste jarduera batzuk dira, esaterako, ikasten emandako denbora ( % 15,8) edo lagunekin edo bikotekidearekin sozializatzen emandako denbora ( % 11,1).

16 eta 19 urte bitarteko gazte guztiek adierazi dute Tik Tok egunero erabiltzen dutela. 26 urtetik gorakoen artean, berriz, Facebooken erabilerak nabarmen egiten du gora. Hala ere, gehien erabiltzen diren plataformak Instagram eta WhatsApp dira.