Kreaktibismoa: Aktibismo sortzailea

Yes Men Andy Bilchmaun eta Mike Bonannok osatzen duten bikote aktibista da. Ezagunak dira, beraiek dioten bezala, ‘nortasun zuzenketak’ egiteagatik, hots, enpresa handien bozeramaileen lekuan jartzen dira beraien mezua zabaltzeko. Horretarako, bigarren eskuko traje bat besterik ez dute behar. Yes Men bikotearen ibilbidea 1999an hasi zen, eta urte hauetan guztietan, besteak beste, OMC (Munduko Merkataritza Antolakundea), Dow Chemicals, McDonalds edota Exxonen izenean aritu dira beraien mezua faltsutuz.

‘Nortasun zuzenketak’ egitea ez da lan makala eta, sarritan, lan handia egin behar da: hitzaldietarako gonbidapenak, gezurrezko webguneak, egunkari faltsuak…

Mike Bonannok horrela definitzen du bere jarduera “Ispilu desitzuratzaileek ezaugarririk beldurgarrienak nabarmentzen duten erara, guk gauza bera egiten dugu baina ideiekin. Hitzegiten dugun bitartean jendeak bere ideiak desitxuratuta ikustea ondo iruditzen zaigu. Gutxienez, horixe da egin nahi duguna, baina sarritan, irudi desitxuratu hori ere normala izaten zaio hainbat pertsonari”.

Sormen handia

Yes Men bikotearen taldea 1999an hasi zen, eta beraien lehen ekintza Barbie panpinei Gi-Joe panpinen ahots moduloa jartzea izan zen. Oihartzun handia lortu zuten ere www.gwbush.com webgunearekin. Bertan, Bilchmaun eta Bonannok George W. Bushen bizitza errepasatzen zuten eta baita honen aitonak naziekin zituen harremanak ere. Bushek webgune hau itxi nahi izan zuen eta komunikabideetan oihartzun handia izan zuen ekintza honek. Honek guztiak, noski, webgunearen bisitari kopurua biderkatu zuen.

Yes Meneko kideak komunikabideetan kolatzeko gaitasun handia dute. Horrela, BBC katean azaldu ziren Dow Chemicals enpresaren bozeramaileak faltsutuz. Enpresa hau Indian izandako Bhopal hondamendiaren arduraduna da eta bertan hirurogeimila pertsona inguru hil ziren. Entzulego handi baten aurrean, enpresak bere ardura onartzen zuela adierazi zuten eta honek ere oihartzun handia izan zuen mundu osoan zehar.

Teknologia berrien erabilera ere balio izan die bere ekintzak aurrera eramateko. Hauen artean, azpimagarria da Munduko Merkataritza Antolakundearen webgunea faltsutu izana. Webgunea oso garatua ez izan arren (edonork ikus zezakeen faltsua zela) hainbat pertsonaje garrantzitsu benetazkotzat jo zuten.

Yes Men bikotearen beste lan ildo bat hitzaldietan oinarritzen da. Normalean, hitzaldiak neurrigabeak izaten ziren, baina jendeak benetazko bozeramaleen aurrean zeudenaren ustetan ez zuen ezer esaten. Beraiek onartzen duten bezala, “kezkatzekoa da munduko elite ekonomikoen aurrean hitzaldi bat ematea eta edozein astakeria esanda inork ezer esatea aurrean hitzegiten dagoen pertsona OMCekoa delako”

Umorearen bidez Yes Men gure garaiko aktibistarik ezagunenak bilakatu dira. Bere ekintzetan sormena, inteligentzia, politika eta kritika soziala nahasten dira.

Greenpeace ildo berean

Protesta ekintzak egiteagatik ezaguna den erakunde bat bada hori, zalantzarik gabe, Greenpeace dugu. Ingurugiroan lan egiten duen erakundea izan arren, Greenpeacek bestelako injustizia sozialen kontra ere protesta egiten du. Inguruaren kasuan, Greenpeacen ustez egoera larria da, planetaren honadamendian erakunde desberdinek ez baitiote bere ardurari aurre egiten. Aldaketa klimatikoaren kasuan, adibidez, gizadiak duen erronkarik garrantzitsuenetako izan arren, inork ez dio arazoari behar bezala eusten. Erakundeek bere ardurari aurre egiten ez dioten heinean, Greenpeacek gaizki egiten diren politiken aurrean protesta sortzaileak burutzen ditu. Greenpeacetik adierazten dutenez, aktibismoa da, zoritxarrez, azken errekurtsoa, eta horrek adierazten du, aurreko bide legal guztiek kale egin dutela. Hainbat gai salatzeko daudenez, eta haibat ‘salatzaile’ daudenez, sarritan zarata nagusitzen da, eta, horregatik, ekintza sortzaileak burutzea beharrezkoa egiten da.