Euskararen harremanak: kasu berezia baina ez bakarra

Pasa den uztailaren 12 eta 13 bitartean, UPV/EHUko Uda ikastaroen barruan eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatuta, euskarak historian zehar beste hizkuntzekin izan dituen harremanak aztertu ziren

Euskara bizirik darraiten hizkuntza zaharrenetariko bat da. Sarritan, euskararen iraupena bere isolamendu geografikoaren ondoriotzat hartu da, baina ideia hau ez da guztiz zuzena. Izan ere, euskal hiztunek era askotako harremanak izan dituzte historian zehar beste hizkuntzak hitzegiten zituzten bestelako komunitateetako kideekin. Harreman hauen ondorioz, euskarak beste hizkuntza hauen guztien hainbat ezaugarri bereganatu ditu.

Ikastaroaren hasieran, Javier Velazak aintzinako euskararen inguruko aztarnak oso garbiak ez direla azaldu zuen. Erromatarren garai aurreko testigantza idatzien faltan, adituak toponimian oinarritu dira halabeharrez. Erromatarren garaian, berriz, idatzizko lehen testigantzak azaltzen dira, batipat, hilobi-inskripzioak. Hauetan oinarrituta, Velazak euskarak, batez ere, iberiar eta zeltiberiar hizkuntzekin harremanetan izan zela ondorioztatu zuen.

María Teresa Echeniquek, berriz, europar gunearen erromanizazioa eta gero iraun duen hizkuntza bakarra euskara dela adierazi zuen. Euskara gune geografiko zehatzean garatu zen, baina bere inguruan, eta latinaren itzalean, beste hainbat hizkuntza garatu ziren: gaztelera, gaskoia, okzitaniera… Echeniqueren aburuz, euskara, egitura politiko guztietatik at, hainbat urtez komunikazio gune izan zela pentsa daiteke.

Jean-Baptiste Coyosek euskara eta gaskoieraren arteko harremanen inguruan aritu zen, bereziki, zubereraren eta Biarnoko gaskoieraren artekoak. Coyosek azaldutakoaren arabera, hizkuntza hauen arteko harremanak bi norabideetan gauzatu ziren: zubererak hainbat hitz mailegatu zituen eta zubererak ere, bere eragina izan zuen gaskoieran, nahiz eta eragin honen inguruan azterketa handirik ez izan.

Testigantza idatziaren faltan, sarritan toponimia erabili izan da euskaren historiaren berri izateko.  Mikel Belaskoren aburuz toponimoek bi altxor gordetzen dituzte: sortu zen hizkuntzarena eta deskribatzen duen paisaiarena. Belaskok Nafarroako hainbat toponimo azaldu zituen euskararen eragina azaltzeko.

Gidor Bilbaok, arrantzale euskaldunek, XVII. eta XVIII. mendeetan Kanada eta Islandiako lurretara iristean hango biztanleekin erabilitako komunikazio sistemak aztertu zituen: basque-pidgin izenarekin ezagutzen direnak hain zuzen ere. Bilbaok honen inguruko informazioaren iturriak azaldu eta datuen fidagarritasuna zalantzan jarri behar dela azaldu zuen.

 

Ivan Igartua,  Eusko Jaurlaritza

 

“Euskarak adaptaziorako gaitasun handia izan du”

Ikastaroan ikusi ahal izan den bezala, euskarak, historian zehar, harremana izan du beste hizkuntzekin. Beraz, euskararen iraunbizipenak ez du, uste zen bezala, bere isolamenduarekin zerikusirik?
Neurri batean bai. Bi isolamendu mota bereizi beharko lirateke. Alde batetik, isolamendu genetikoa, hots, ahaiderik ez izatea, eta bestetik, isolamendu geografikoa. Garbi dago euskara ez dela geografikoki isolaturik egon eta harremanak izan dituela bestelako hizkuntzekin. Harreman hauen guztien ondorioz, euskarak zenbait ekarpen jaso ditu, bai maila lexikoan, onomastikan, toponimian…  Hainbat urtez mantendu ahal izateak euskarak adaptaziorako izan duen gaitasunaren ondorioa izan dela esan daiteke, baina hainbat faktoreren ondorioa da ere.

Historikoki, euskara ‘boteretsuago’ diren hizkuntzekin izan da harremanetan. Testuinguru horretan, nola lortu du hainbeste mendez mantentzea?
Euskara salbuespen bat da Iberiar penintsulan, baina euskara bezalako salbuespenak badira munduko beste hainbat lekutan. Munduan ehun bat hizkuntza isolatu ezagutzen dira eta guztiak antzeko egoeratan bizi izan dira, hots, hizkuntza indartsuen artean bizi izan dira. Era berean, egia da antzeko testuinguruan bizi izan diren beste hainbat hizkuntza ere desagertu egin direla.

Harreman batean hartu-emanak izaten dira. Euskararen kasuan, euskarak gehiago jaso du eman baino?
Euskarak asko jaso du baina eman ere eman du. Gaur egun adibide garbiak ditugu bai gaztelanian zein gaskoieran, baina ziurrenik, aurreko hainbat hizkuntzetan ere eragina izan du, hizkuntza erromantzeetan etab… Dena den, egia da euskarak gehiago jaso izan duela eman baino, batez ere lexiko mailan. Hor dira, adibidez, euskarak gaur egun dituen hitzen erdia baino gehiago latin edota erromantzetik datozela dioten teoriak.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.