Errealitatea aztergai

Azken urtetan komunikabideei laugarren boterea deitu izan zaie gizartean duten eragina dela eta. Eta ez da gutxigorako aintzat hartuta informazioaz beteriko mundu batean murgildurik gaudela. Hala eta guztiz ere, hainbeste informazioek ea benetan errealitatea irudikatzen duten pentsarazten dute

Ildo honetan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak 2009 urte amaieran, ‘Gazteak eta komunikabideak’ izenburupean Bilbon, Donostian eta Gasteizen hiru Berbakeita (Word-café) antolatu zituen gazteen irudia hedabideetan zein den aztertzeko asmoz. Hain zuzen, topaguneak azaroaren 25, 26 eta 27an, Bolunta boluntariotza eta parte-hartzerako agentzian, CRAJ-en (Gipuzkoako gazte elkartegintzarako baliabideen zentroa) eta Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean izan ziren, hurrenez hurren.

Elkargune hauetan gazte kazetariak, elkarteetan esku hartzen duten gazteak, gazteriaren inguruan lan egiten duten administrazioko teknikari eta politikariak, eta elkarteetan adskripziorik ez duten gazteak parte hartu zuten. Lau bat mahaietan profil bakoitzeko gazte bat eseri zen eta 15 minutuero txandakatzen ziren betiere eztabaida bera ahoan zutelarik. Mahainguru antzeko hauetan gazteek erantzun behar zituzten galderak honakoak izan ziren: ‘nola baloratzen duzu komunikabideek pertsona gazteei buruz ematen duten irudia?’, ‘nola baloratzen duzu gazte elkarteek egiten duten lanari buruz komunikabideetan agertzen dena?’, ‘noren esku dago gazte eta gazte-elkarteei buruz plazaratzen dena eta ez dena, eta horren ikuspuntua?’, eta ‘gazte eta elkarteek hedabideetan duten presentzia eta irudia hobetu daitekeela eta nola?’.

Mahai bakoitzean ere, mahaiez aldatzen ez zen dinamizatzaile bat parte hartzen zuen eta honek eztabadaidetatik ateratzen ziren ondorioak hartzen zituen ostean Euskadiko Gazteriaren Kontseilura zuzenduko zituenak. Hortaz, topagune hauen ondoren, dinamizatzaileek Euskadiko Gazteriaren Kontseilura ondorioak bidali zituzten eta hauek txosten bat eratu dute 2010 urte hasieran.  Txostena ez da eduki-ikerketa kualitatibo /kuantitatiboa baizik eta eztabaidetako adostasun maila gehien lortu ziztuzten iritzien laburpena da.

Osotasunaren zati bat
Lehenengo galderaren gainean, komunikabideek ez dutela errealitate osoa jasotzearen ideian erabat ados agertu dira profil orotako gazteek. Beraien aburuz, hedabideek gazteen jokaera eta nortasunaren soilik zati bat islatzen dute eta sortzen dituzten estereotipoak gehienetan kutsu negatibokoak dira.

Hala eta guztiz ere, gazteek ere gertakizun hau bidezkotzen duten hainbat zio aipatu zituzten. Hala nola, komunikabideen hartzaileak pertsona helduak direla, kazetariek albisteak sinplifikatu behar dituztela edota albistegietan ‘notiziosoa’ dena aintzat hartzen dela. Topaguneen parte-hartzaileen esanetan, komunikabideek albistegiak “helduen betaurrekoekin” eraikitzen dituzte eta era berean diote, egun, gertaera positiboek edo ohikoek ez dutela “merkatuan saltzen”. Kazetariek errealitatearen konplexutasuna denbora mugatu batean sinplifikatu behar dutela ere ulertzen dute eta baita kazetariek abiadura azkarrean aritzen direla ere. Alabaina, pentsatzen dute honek suposatzen duela informazioa modu azaleko batean eraikitzea.

Bestalde, eztabaidetatik hartutako ondorio nabarmen bat komunikabideek jarrera eta jokabide batzuk jasotzen dituztela eta hartzaileetako batzuk eredutzat hartzen dituztela izan zen, baina honek arrisku bat baduela ohartarazi zuten. Izan ere, haien ustez, komunikabideetan errealitate jakin batzuk agertzen badira (hots boteioiak, droga kontsumoa edota trafiko-pikeak) eta beste batzuk ez, agertzen direnak errealitate oso bat bezala har daitezke.

Galdera honi ihardestean ere, orotariko komunikabideak eta komunikabide lokalak bereiztu zituzten tokian-tokiko hedabideek gazteak ikuspegi positiboagoekin agertzen direla esanez. Adierazpen honi azalpena emateko bi arrazoi aipatu zituzten. Batetik, komunikabide lokalak berri lokalekin elikatzen direla eta bestetik, gazteek tokian-tokiko hedabideak hurbilago somatzen dituztela.

Komunikabideek gazte-elkarteei buruz agertzen duten irudiari dagokionez, ondoriorik aipagarriena elkarte hauek oso gutxitan agertzen direla komunikabideetan ildo-politiko bat jarraitzen duten elkarte batzuk izan ezik da. Haiek esandako zioak besteak beste, elkarte askok ez dutela bere lana ezagutzera ematen eta komunikabideek elkarte batzuen lanak ez datozela bat ‘notizioso’ kontzeptuarekin dira. Oro har, elkargunean esku hartu zuten gehienek kazetari ugarik ez dutela gazte-elkartegintzaren aniztasuna ezagutzen eta elkarte askok ez dakitela nola egiten duten lan kazetariek edo zer da hauek bilatzen dutena uste dute.

Nabarmendutako beste puntu bat elkarte txikiek ez dituztela komunikazio-arduradunik eta honek elkartea ezagutzera emateko oztopo bat dela izan zen. Baieztapen honen baitan gainera, gazteek badirela ondo ezagutzen diren elkarteak ziur aski komunikazio estrategia ona dutelako adierazi zuten. Toganuean komunikazio-estrategia egokia duen adibide bakarrenetako Barakaldoko pobreziaren aurkako Berri-Otxoak plataforma izan zen.

Ea noren erantzukizuna den gazteen informazioa plazaratzeko galderari erantzunez, gehiengoak zioen ardura bai elkarteek eta bai komunikabidek partekatu behar dutela nahiz eta azken hitza komunikabideena izan lerro editorialek bideak marrazten dituztelako. Laburbilduz, haien aburuz elkarteek jarraitu behar duten erronka komunikabideetara jotzea da hauen lana ezagutzera emateko eta komunikabideen erronka haien lana zein den aurkezteko prest egotea da.

Gogoetak
Gazteek topagune hauetan, gazteak eta komunikabideen gainean hainbat hobekuntza proposamen bota zituzten. Gazte-elkarteei zuzendutakoak izan ziren besteak beste, komunikazio-estrategia bat garatu beharko luketela eta haien lana interneten bidez ere ezagutzera eman beharko luketela blog eta sare sozialen bitartez.

Bestetik, lan ohitura eta dinamikei buruzko hausnarketak kazetarien lana dela irizten dute. Haien aburuz, profesionalei zuzendutako formazio eta sentsibilizazio tailerrak areagotu beharko lirateke, alegia, ‘alfabetatze mediatikoan’ apostu egin behar dela zioten.

Azken hausnarketa hau ere Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Uda Ikastaroetan azaldu zen ‘Komunikabideak eta hezkuntza’ ikastaroan non gazteak eta komunikabideak hizpide izan ziren. Bertan, Málagako Unibertsitateko Julián Pindadok zein den komunikabideen papera gazteen nortasuna eraikitzearen inguruan hitz egin zuen. Berak irmo agertu zen esanez komunikabideek “uneoro balioak transmititzen dituztela eta sozializazioaren zatia” direla. Pindadoren aburuz, arazoa gazteak komunikabideak kontsumitzean ikusten dutenaren irudietan dago. “Balio batzuk edo beste batzuk transmititzen dira zeri ematen zaion garrantziaren arabera. Ziur aski, denok ikusi zuten Sara Carbonero eta Iker Casillas-en muxua eta askok ez ordea, HIESaren birusa ekiditeko gel berria asmatu dela”.  Gazteen sozializazioan komunikabideek paper garrantzitsua betetzen dutela uste du, izan ere, Pindadok dio nerabeen ezegonkortasunean eragiten dutela hauek “haien nortasuna bilatzen ari direlako”.

Jardunaldi hauetan ere Huelvako Unibertsitateko José Ignacio Aguaded eta Bartzelonako Unibertsitateko José Manuel Pérez-ek, hezkuntzaren gainean mintzatu ziren. Hain zuzen, alfabetizazio mediatikoan indarra ezarri zuten. Batetik, Aguaded-ek komunikabideetan hezkuntza bat falta dela ikastetxeetan azaldu zuen. “Gazteek duten arazo bat da ez dakitela ikusentzunezkoari aurre egiten”. Bere esanetan, ikasleei komunikabideek erabiltzen dituzten kodeak aditzera eman behar zaizkie “errealitatea ez baita osatzen ikusten dugunarekin baizik eta prozesatzen dugunarekin”. Aguaded-en aburuz, gizartea inplikatu behar da komunikabideak nola kontsumitzen ikasten eta erakusten “gizarte demokratikoago bat erdiesteko eta bihotz oneko, autonomo eta kritiko izango diren pertsonak eratzeko”. Pérez-entzat, alfabetizazioa beharrezkoa da “informazio ugari dagoelako eta honek herritarren artean efektu anestesikoa duelako”. Horretarako, Pérez-en proposamena kazetariek aintzat hartu behar dutela agente sozializatzaileak direla eta hezkuntzaren munduan lan egiten dutenek egunerokotasuna aztertzen jakin behar dutela izan zen.

Halaber, ikastaroan UPV/EHUko Concepción Medrano eta Juan Ignacio Martínez de Morentin ‘Komunikabidea balioak eta hezkuntza’ lana aurkeztu zen komunikazioa eta hezkuntza balioak Katedraren baitan eta bertan hezkuntza eta komunikabideen inguruko hainbat hausnarketa agertzen dira. Bertatik atera daitekeen ondorio nabarmenena da komunikabideak pentsatzeko eta jokatzeko eran eragina dutela.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.