Gazteria eta drogak

Drogak eta horiek eragin ditzaketen arazoak dira Europan den kezkarik handienetako bat, besteak beste, europar hiritarren segurtasunerako eta osasunerako mehatxu bat suposatzen dutelako. Azken urteetan, droga kontsumoa nahiko altua izan da Europan, batez ere, gazteen artean. Eurobarometroak, berriki, drogen eta gazteen inguruko azterketa baten berri eman du. Azterketa horrek kontsumoa aztertzeaz gain, gazteek drogen inguruan dituzten jarrerak ere aztertzen ditu. Azterketa hori burutzeko, Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuetako 15 eta 24 urte bitarteko 12.000 gazte elkarrizketatu dituzte. Aipatu ikerketaren ondorioak bost ataletan banatu dira:

Drogen eskuragarritasuna

Europar gazteek esandakoaren arabera, heroina da lortzeko drogarik zailena. Inkestatutako gazteen erdiak baino gehiagok adierazitakoaren arabera, ezinezkoa edo oso zaila izango litzateke 24 orduren epean heroina lortzea. % 10ak, berriz, droga hori erraz edo oso erraz lortuko lukeela onartzen du. Kokainaren eta estasiaren kasuan, gazteek droga hauek lortzeko erraztasuna gehiago dagoela adierazten dute. Datu hauek guztiak 2008an egindako azterketarekin bat datoz. Kasu horretan, droga ilegalak lortzeko erraztasun gehiago azaltzen zen, baina aurtengo ikerketan, 24 orduko epean lortzeko aldagaia sartu da, eta horrek, eragin zuzena izan du emaitzetan adituen esanetan.

Inkestan parte hartu duten 4 gazteetatik batek haxixa erretzen duela onartzen du.

Alkohola eta tabakoaren kasuan, gazteek ez dute inolako arazorik izaten hauek eskuratzeko: % 80tik gora oso erraza dela adierazten du eta, soilik % 2k ezinezkoa dela adierazi du. Kasu horretan, kontutan izan behar da adinaren baitan sustantzia horien kontsumoa guztiz legala dela. Horrela, alkoholaren kasuan, alkohola erosteko eta kontsumitzeko adin muga 14 eta 20 urteren artean kokatzen da eta 16 eta 18 bitartean tabakoaren kasuan. Beraz, 18-20 urtetik gorakoek ez dute inolako arazorik tabakoa eta alkohola kontsumitzeko. Haxixaren kasuan, inkestan parte hartu duten 4 gaztetatik batek haxixa erretzen duela onartzen du. Txekiar Errepublikaren kasuan kopuru hori % 50eraino igotzen da, eta Frantzia eta Espainian ere kontsumoa oso altua dela ikusi da. Txostenaren arabera, gainera, haxixaren kontsumoa altuagoa da mutilen artean nesken artean baino.

Droga berrien kasuan, gazteen % 5 inguruk horiek probatu dituela adierazi du, kontsumorik handienak Irlandan, Erresuma Batuan, Letonian eta Polonian ematen direlarik.

Drogen inguruko informazioa

Gazteen gehiengoak internet erabiltzen du drogen inguruko informazioa lortzeko. Lagunei galdetzea ere da gazteek erabiltzen duten beste bide bat, eta gezurra badirudi ere, asko dira ere guraso edo senideei galdetzen dietenak.

Drogen inguruko informazio kanpainak ere eraginkorrak dira eta % 40 inguruk programa hauen edota eskoletan garatutako programen bidez jasotzen dute drogen arriskuen inguruko informazioa.

Drogen arriskuen pertzepzioa

Gazteen gehiengoak kokaina edota estasisa bezalako drogen kontsumo erregularrak arrisku handiak izan ditzakeela aurreikusten du, baina kontsumoa noizbehinkakoa bada, arriskuaren pertzepzioa nabarmenki jaisten da.

Haxixaren kasuan, arriskuren bat dagoela onartzen da, baina ez aipatu drogetan bezain altua. Kasu honetan, haxixaren kontsumo erregularra oso kaltegarria izan daitekeela adierazten dutenak % 66 dira. Are gehiago, noizbehinkako kontsumoaren kasuan arrisku altua ikusten duten gazteen kopurua % 23ra jaisten da eta inolako arriskurik edo arriskurik ez duela uste dutenak ia % 50ra iristen dira. Alkoholaren kontsumo erregularra kaltegarritzat jotzen du gazteriaren % 90 inguruk. Asko dira ere noizbehinkako kontsumoa arriskutsutzat jotzen dutenak.

Legalizazioa, bai ala ez?

Heroina, kokaina, estasisa edota haxixa bezalako drogak ilegalak dira ia Europar Batasuneko estatu guztietan. Alkohola eta tabakoa bezalako droga legalen kontsumoa eta salmenta, berriz, araututa dago kasu gehienetan. Ikerketa honetan parte hartu duten gazteen gehiengoak, heroina (%96), kokaina (%94) eta estasisa (% 92) ilegalak izaten jarraitu behar dutela adierazi du. Haxixaren kasuan, ostera, gauzak ez daude hain garbi.

Inkestatutakoen % 59ak haxixa ilegala izaten jarraitu behar duela uste du, baina % 34ak sustantzia honen kontsumoa arautu beharko litzatekeela uste du, eta beste % 5 kontsumoa guztiz legala izatearen alde azaldu da.

Tabakoaren kasuan, % 64ak bere kontsumoa araututa jarraitzearen aldekoa da, eta % 16ak, berriz, guztiz debekatuta izan beharko litzatekeela uste du. Iritzi berekoa da gazteriaren % 7 alkoholaren inguruan galdetzerakoan, hots, guztiz debekatuta egon beharko litzatekeela, alegia. Kasu honetan ere, gehiengoa (% 76) egungo egoera arautuarekin jarraitzearen alde da.

Nola ekidin drogek sortzen dituzten arazoak?

2008an burututako ikerketaren arabera, erakunde publikoek, drogek sortzen dituzten arazoak ekiditeko, saltzaile eta trafikatzaileen kontrako neurri zorrotzagoak hartu behar ziren. Kontsumitzaileen kasuan, berriz, neurri zorrotzagoak baino, prebentzioa, tratamendua eta errehabilitazioa aipatzen ziren. Kasu honetan, informazioa eta prebentzio kanpainak aipatu ziren droga-arazoak murrizteko bide eraginkorrenen artean.

Drogak kontsumitzeko arrazoien artean, pobrezia eta langabezia izan dira gehien aipatu diren arrazoiak. Era berean, aisialdi eskaintza urriak ere zerikusia duela aipatzen da.