Natxo Rodríguez:“Euskal gazteriak emantzipatzeko arazo handiak ditu”

Gazteriaz hitz egiterakoan, zein adin tarteaz ari gara?

Europa mailan gazte politikak 14 urtetik 30era doazela ulertzen da. Legea egiten ari gara eta eztabaidetan agertu den gaia izan da baina ohikotzat hartu den adin tarte orokortua 14 eta 30 urte bitartekoa da.

Zein da gaur egungo gazteriaren egoera?

Erantzun zaileko galdera da. Egungo gazteria definitzea zaila da multzo horretan heterogeneotasuna nagusitzen delako. Zaila da, bai Euskadi mailan, bai Europa mailan ere, gazte eredu bakarra ezartzea. Interes desberdinak dituzten gazteak daude eta era desberdinetakoak. Horrek nolakoak diren egungo gazteak zehaztea zailtzen du.

Zein desberdintasun daude gaur egungo gazteen eta, adibidez, duela 20 urteko gazteen artean?

Ziur aski ez pentsa daitekeena bezain beste. Apika elkar erlazionatzeko moduak zeozer eraberritu dira nahiz eta Euskadin oraindik kuadrila eta familiari garrantzia eman. Egungo gazteria hoberen definitzen duen kontua emantzipatzeko arazoa da. Euskadin emantzipaziorako batezbesteko adina 30 urtetakoa da eta kopuru hori altua da beste Autonomia Erkidegoekin eta Europako beste zonaldekin alderatuta. Orain dela 20 urteko gazteekin alderatuta ere, zenbaki altua da aintzina askoz lehenago emantzipatzen baitziren gazteak.

Nola egin gazteak lehenago emantzipatzeko enplegu prekaritatea nagusi bada haien artean?

Egonkortasuna eta kalitatea bermatzen duten enplegu alorreko neurriak eratu beharko lirateke lan mundura barneratzea ahalbidetzen duten kalitatezko eta egonkorrak diren kontratuen bidez. Era berean, etxebizitza politiketan indarra ezarri behar da. Zoritxarrez, Euskadin etxebizitza pribatu jabegoen salneurriak altuak dira eta horrek gazteek etxebizitza eskuratzea zailtzen du. Euskal Administrazio publikoek zailtasun horiek leuntzeko politikak eratu beharko lituzkete, etxebizitza publiko politiken bidez eta, batez ere, alokairu publikoko politiken bidez gazteak familia-etxea lehenago uzteko.

Zeintzuk dira zuzentzen duzun zuzendaritzatik garatzen diren programa nabarmenenak?

Nabarmendu daitezken ekimenak azken urteotan eskakizun hazkundea izan duten eta historikoki ezagunak direnak dira. Udaran antolatzen diren Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programa dira. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude eta horien helburuak dira, alde batetik, gizarte lanak egitea eta bestetik, gazteak Garapenerako-Lankidetzaz garapenean dauden herrialdeetan sentsibilizatzea.

Zein beste ekimenei indarra ezarri beharko zeniekete?

Gazte Zuzendaritzatik hausnarketa prozesuan gaude eta Euskadiko gazteen mugikortasuna sustatuko lukeen ekimenaren bat eratu nahiko genuke. Euskadiko gazteak atzerrira joatea nahiko genuke, baina ez soilik hizkuntzak ikastera –hori ere oso ondo dago- baita beste kultura, esperientzia eta gazteak ezagutzeko ere. Aberastasun hori ekimenen batean sartzea bilatzen dugu.

Gazte Txartela da oihartzun gehien duen ekintzetako bat. Zein egoeratan aurkitzen da ekimen hori?

Gazte Txartela 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Datorren urtean programa berria atera behar dugu eta Gazte Txartela duen gazte kopurua igotzea erdietsi nahi dugu. Bestalde, aurkezten diren abantaila eta beherapenak kalitatezkoak izateko erronka dugu. Hau da, zehazki gazteei interesatzen zaizkien esparruetara zuzenduta egotea. Oso ondo dago telepizza eta zinemarako abantailak egotea baina agian ere mugikortasuna, aisia, kultura eta kirolekin harremana duten alderdietan indarra ezarri beharko litzateke.

Zeintzuk dira Gazteriaren Behatokiaren funtzioak?

1999an sortu zen eta bere lana euskal gazteen egoera zein den ezagutzea da, gazteen egoera nolakoa den uneoro zein den ezagutzea, euskal administrazio publikoak haiek dituzten arazoei erantzuna emateko. Behatokitik makina bat azterketa eta argitalpen kaleratzen dituzte eta gazteen kontuetan profesionalok aintzat hartzen ditugu. Halaber, trebakuntza ikastaroak egiten dira, gazteen arazoei erantzun hobea emateko EHUrekin batera gazte arloko profesionalek duten trebakuntza etengabea eta berziklapenerako eskaerari erantzun ahal izateko Gazteriari Buruzko Ikasketak graduondoa garatzen ari da. Gazteriaren Behatokitik norabide horretan doazen ikastaro eta jardunaldiak prestatzen dira.

Gazteria Zuzendaritzak kudeatzen duen aurrekontua Eusko Jaurlaritzako aurrekontuaren %0,05 besterik ez da. Zer egin daiteke diru kopuru horrekin?

Baliabideak beti dira eskasak. Euskadiko gazteriaren politiken errealitatea ulertzeko, Foru Aldundiek indar handia ere badutela eta alor honetan aurrekontuak maneiatzen dituztela aintzat hartu behar da. Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntutik baliabideak eskasak dira ziur aski. Egia da aurrekontu gehiago edukitzea nahi genukeela arestian aipatutako mugikortasun ekimenentzako. Baina ez da une egokiena diru gehiago eskatzeko, gastuen erantzukizuna izateko baizik. Berrikuntzatik eta kreatibitatetik baliabide horiek kudeatzeko formulak aurki daitezke.

Gazteria Legea atzera bota zen aurreko legealdian. Legealdi honetan berriz ere aurkezteko asmoa dago. Zeintzuk dira lege proposamen honen ildo nagusiak?

Lehenik eta behin, erakunde egitura atontzea da. Gazte politiketan Euskadin erakunde maila bakoitzari egoki zaiona atontzea, alegia. Orain arte ez da erakunde nahaspila horri koherentzia eman dion araudirik egon eta zuzendu behar izan dugun gabezia izan da.

Bigarren ekintza garrantzitsua Gazteriaren Euskal Institutoa eratzea izango da. Apostu garrantzitsua da institutuak zuzendaritza ordezkatuko duelako eta institutoa Lehendakaritzaren menpe egongo delako eta kultura sailaren menpe zuzendaritza dagoen moduan. Hau gazte politikak eraginkorragoak izateko apostu nabarmena da. Honekin gazteentzako administrazioaren hiru mailetako zerbitzu sare hornikuntza eratzea lortu nahi da eta orain arte irizpiderik gabe garatzen joan dena garatzen ari gara.

Maneiatzen ari garen lege zirriborroetan, eratuko den institutoko eta Jaurlaritzako sail desberdinetako pertsonak irudikaturik egongo diren sailen arteko batzorde batean apostu egiten dugu. Era horretan gazte politikak benetan zeharkako politikak bermatuko dira: enplegu politikak, osasun politikak, etxebizitza politikak, hezkuntza politikak… Oraingoz eskuduntza hauek beste sailak dituzte eta batzarra eratzen dugun heinean, aurrerantz pausu bat emango dugu.

III. Gazte Plana ere garatzen ari zarete. Azkena jada 2005ean amaitu zen. Zer dela eta urte hauetako tartea?

Aurreko legealdiko arduradunek azalpenak eman beharko lituzketela ulertzen dut. Nire ustez, aurreko gobernuak legea garatzen pentsatzean ez zuen ikusi III. plana beharrezkoa zenik. Guk ordea, bi erremintak garrantzitsuak direla ikusi dugu. Alde batetik, legeak gazte politikari itxura ematen diolako, eta, bestetik, gazteen egoerak hobetzeko planak xedeak eta neurriak planifikatzen dituelako, eta ez soilik Jaurlaritzatik, Aldundietatik eta Udaletatik ere. Bi erremintak batera eramaten saiatu gara, gazteriaren kolektiboak krisia dela eta, okerren igarotzen ari den taldea baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.