Eleana Rodríguez: “Eliza katolikoaren hierarkiak oztopoak jartzen dizkio osasun sexual eta ugalkorrari”

Ikastaroan eliza katolikoak estatuetan egiten duen injerentzia salatu duzu. Nola burutzen da esku hartze hori?
Peru bezalako estatu batean, eliza katolikoak eragin handia du, baina eliza katolikoak baino, eliza katolikoaren hierarkiaz hitzegin beharko litzateke. Eragin hau botere politikoetara zabaltzen da eta legeak eta arauak sustatzeko gaitasuna ere badute. Osasun sexual eta ugalkorraren kasuan, elizak hainbat oztopo jartzen ditu, adibidez, abortoaren kasuan, antisorgailuen kasuan, hezkuntza sexual osoaren kasuan…

Peru bezalako herrialde oso katolikoetan nola bizitzen da abortoaren gaia?
Peruko gizartea oso katoliko eta tradizionala da eta, ondorioz, abortoaren gaia ez da begi onez ikusten. Poliki bada ere, abortoaren gaia politikarien agendan kokatzen ari gara, baina oraindik ere pekatutzat jotzen da. Paradoxikoki, eliza katolikoak bai onartzen du abortoa zenbait kasu berezietan, baina informazio hori guztia ezkutuan mantentzen da. Perun talde kontserbadoreen boterea oso handia da eta talde hauek, noski, ez dute eskubide sexual eta ugalkorren sustapena ondo ikusten.

Beraz, zuen lana burutzea zaila izango da…
Bai, noski. Guk hezkuntza sexual oso baten alde borrokatzen dugu, baina hori esateagatik gazteen arteko sexu-harremanak sustatzen ditugula diote. Aborto legal eta seguru baten alde lan egiten baduzu abortoaren aldekoa zarela salatzen dute. Gure ustez, emakumeek beharrezkoa duten informazioa eskuratzeko eskubidea dute, eta horren baitan, haurdunaldia eten egingo duten ala ez erabakiko dute. Guk abortoa legalizatzearen alde gaude. Jendeak uste du legalizazioarekin emakume gehiagok abortatuko duela, baina hori ez da zuzena. Emakumeek informazioa behar dute ondoren zentzuz erabaki dezaten.

Abortoa legala ez izateak, sarritan, emakume asko ezkutuan abortatzera bultzatzen ditu. Zein eragin du honek?
Perun soilik aborto terapeutikoa da legala, hau da, emakumearen bizitza arriskuan dagoen kasuetan. Bestelako kasu guztiak delitutzat jotzen dira. Ondorioz emakume asko, 370.000 inguru urtero, ezkutuan abortatzera behartuta ikusten dira. Bestalde, baliabide gutxien dituzten emakumeek segurtasun gutxi eskaintzen duten lekuetara jo behar dute, eta hainbat kasutan bizitza ere galtzen dute.

Lehenik eta behin kontutan hartu behar da Perun adin gutxiekoen arteko sexu-harremanak delitutzat jotzen direla. Hala ere, gure datuen arabera nerabeak gero eta lehenago hasten dira harreman sexualak izaten, bataz beste, 13-14 urterekin. Horiek, hainbat kasutan, nahi ez diren haurdunaldietan edo sexu transmisiozko gaixotasunetan amaitzen dira. Guk sexuaren inguruko informazioa eta hezkuntzaren alde azaltzen gara, baina eliza, berriz, abstinentzia eta antisorgailuak ez erabiltzea sustatzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.