Gazteak eta haurrekin

CISIek eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, gazteak gero eta lehenago hasten dira sexu harremanak izaten. Hogei urte bete baino lehen sexu harremanak izan dituzten gazteen kopurua biderkatu arren, gero eta gutxiago dira haurdun geratzen diren nerabeak

CSICeko eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko ikerlariek Espainiako Erkidego Autonomoetako nerabeen artean ematen diren haurdunaldiak aztertzen dituen ikerketa burutu dute. Ikerketa hau burutzeko 9.700 inkesta burutu dira 15 urtetik gorako emakumezkoen artean.

Margarita Delgadok zuzendu duen ikerketa honetan ikus daitekeenaren arabera, espainiar gazteak gero eta lehenago hasten dira harreman sexualak mantentzen. Horrela, 1971 eta 1985 bitartean jaiotako emakumezkoen % 74ak bere lehen harreman sexuala 20 urte bete baino lehen izan duela onartzen du. Datu hau 1956-70 bitartean jaiotakoek emandako datuekin alderatzen badugu tartea nabaria da, izan ere, emakume helduagoen kasuan soilik % 52,7k izan ditu harremanak 20 urte bete baino lehen. Sexu harremanak dituzten gazteen kopurua hazi bada ere, nerabeen artean ematen diren haurdunaldien portzentaia jaitsi egin dela azpimarratu du Delgadok, “% 42,8tik % 11,5era, batez ere antisorgailu eraginkorren erabilera dela eta”.

Erkidegoka

Aipatu ikerketa erkidegoka banatua izan da eta Erkidego Autonomo bakoitzean lortutako emaitzetan ere alde nabariak ikus daitezke. Sexu harremanetan hasteko adinari dagokionez, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoa da gazteak beranduen hasten diren erkidegoa: 1971-85 bitartean jaiotako emakumeen % 60ak izan ditu sexu harremanak 20 urte bete baino lehen. Nafarroaren kasuan ehuneneko hori % 64,77raino hasten da (bostgarren erkidegoa amaieratik hasita). Ikerketaren baitan, Kanariar emakume gazteak lirateke sailkapen honetan nagusi, % 80,21k 20 urte bete baino lehen sexu-harremanak izan omen baititu.
Haurdunaldiei dagokionez, Autonomia Erkidego guztietan emaitzak hobetu dira, hau da, gero eta haurdunaldi gutxiago daude nerabeen artean, nahiz eta, ikerketak agerian uzten duen bezala, gazteago hasi sexu harremanak izaten. Ikerketako arduradunek azaldu duten bezala, fenomeno hau antisorgailu eraginkorren erabilerarengatik azaltzen da. Horrela, 1956. urtea baino lehen jaiotako emakumeen artean bere lehen harreman sexualean antisorgailu eraginkorren bat erabili zutenen kopurua % 1 eskasa zen Gaztela-Mantxan edota % 12 eskasa ere Euskal Autonomia Erkidegoan edota Asturiasen. 1971-85 bitartean jaiotakoen artean, berriz, Asturiasen zein Euskal Autonomia Erkidegoan bere lehen harremanetan antisorgailu eraginkorren bat erabili dutenen kopurua % 81eraino hazten da, eta daturik kaxkarrena Murtzian emango litzateke % 56,4arekin.

Klase sozialak

Margarita Delgadok azaltzen duen moduan, . Horrela, ikerketa honetan garbi islatzen den bezala, goi ikasketa gehien, biztanle bakoitzeko errenta gehien edota emakumezkoen lan merkaturatze handiago duten autonomia erkidegoetan nerabeen artean izaten diren haurdunaldi kopurua txikiagoa izaten da.
Ikerketa beraren arabera, haurdun geratzeko probabilitatea hein handi batean erabilitako antisorgailuak baldintzatzen du. Antisorgailu eraginkorra erabili ezean, haurdun geratzeko aukerak biderkatu egiten dira. Hala ere, CSICeko ikertzaileek azaltzen duten bezala, hori horrela izanik, ekonomikoki gehien garatuta dauden erkidegoetan arrisku hori % 40an murrizten da, eta hezkuntzaren kasuan, berriz, % 37an.

Amatasun goiztiarrak ere emakumeen lan munduratzea baldintzatzen du. Kasu honetan ere, ikerketak azaltzen duenez, ama gazteak arazo gehiago izaten dituzte lan munduan barneratzeko, edo behintzat ama ez direnak baino gutxiago lan egiten dute. Gainera, ekonomikoki hain garatuak ez diren zonaldeetan alde hauek nabariagoak dira.

Ikerketak erabili duen metodologiaren arabera, dinamismo ekonomikoa, hezkuntza maila eta giza garapenaren indizea erabili dira Autonomia Erkidegoak sailkatzeko. Erkidego bakoitzak atal bakoitzean lortu duen puntuazioaren arabera sailkapen bat osatu da non, Nafarroa, Madril eta Euskal Autonomia buruan azaltzen diren eta Andaluzia, Extremadura eta Murtzia, berriz, azken postuetan.

Eragile sozioekonomikoen garrantzia argi eta garbi islatzen da ondoko azalpenean. Andaluzia, Extremadura eta Murtzian nerabetasunean ama izan diren emakumeak eta 30 urte bete baino lehen lanposturen bat lortu duten emakumeen kopurua % 43 ingurukoa da. Zonalde hauetan, nerabetasuna pasa ondoren ama izan eta 30 urte bete baino lehen lanposturen bat lortu duten emakumeen kopurua, berriz, %68koa da. Ikus daitekeen bezala, 25 puntuko aldea dago. Nafarroan, Madrilen eta Euskadin, ostera, nerabetasunean ama izan diren emakumeak eta 30 urte bete baino lehen lanposturen bat lortu duten emakumeen kopurua % 85,4koa da, eta nerabetasuna pasa ondoren ama izan eta 30 urte bete baino lehen lanposturen bat lortu duten emakumeen kopurua % 87,2koa da, hots, bi puntu baino gutxiagoko aldea.