Nerea Segura: “Ez dago pertsona ororentzat egokia den dietarik”

Garbi dago pertsona guztiek ondo jan beharko luketela baina, ba al da arrazoi berezirik nerabetasunean ondo jateko?

Bai. Nerabetasunean bi prozesu garrantzitsu ematen dira. Alde batetik, gure gorputzaren hazkuntza dugu, eta bestetik, sarritan ahaztuta geratu arren, sexu-garapena ematen da. Izan badira aipatu bi faktore edo prozesu hauekin harremana duten zinka edo selenioa bezalako antioxidatzaileak. Era berean, garai hauetan energia barneratzea ere oso garrantzitsua da.

Ba al da pertsona guztientzat ona den dietarik?
Ez dago mundu guztiarentzat egokia den dietarik. Pertsona guztiok dugu, elikadurari dagokionez, bete beharreko gutxiengo batzuk, baina ondoren, badira adina, sexua eta bestelako aldagarrien baitan bete beharreko bestelako beharrak. Gainera, egiten diren jarduerak ere oso kontutan hartu beharrekoak dira, eta jarduera hauetan ez dugu soilik kirolaz hitzegiten. Elikadura egokia izateko, eta batez ere gazteenen artean, funtsezkoa litzateke otorduak ondo finkatzea. Ohikoa izaten da, adibidez, neska gazteen artean, argal mantentzeko behar bezala ez afaltzea, baina esan bezala, adin hauetan otordu guztiak bete behar dira: gosaria, bazkaria, askaria eta afaria.

Nerabetasunean finkatzen diren elikadura ohiturak betirako dira?
Elikadura ohiturak, batez ere, lehenengo urtetan finkatzen dira, lehen eta hirugarren urteen bitartean, hain zuzen ere. Une horretan, haurrek gurasoen ohiturak bereganatzen dituzte. Ondoren, nerabetasunean beste momentu kritiko bat ematen da. Garai honetan, gurasoez gain, lagunek eta, oro har, inguruneak, eragin zuzena dute elikadura ohituretan.

Gaur egungo gazteek aurreko belaunaldiko gazteek baino okerrago jaten al dute?
Nik baietz esango nuke. Badirudi hori bakarrik Estatu Batuetako kontua dela baina Euskadin ere gazteek gero eta okerrago jaten dute. Era berean, hiri eta herri guneak bereiztu beharko lirateke. Kasu honetan, hirietan bizi diren gazteak okerrago jaten dutela esan liteke. Zentzu horretan, gazteek elikadura on baten garrantziaz ohartu behar dira, bere elikadura ez baita soilik bere gurasoen ardura.

Gero eta ohikoagoa da, batez ere haurren artean, zenbait elikadurekiko alergiak edo zeliakia duten pertsonak aurkitzea. Zergatik eman da hazkunde hori?
Alde batetik elikadurekiko jasanezintasunak daude. Hor ezagunenak laktosarekiko eta glutenarekiko jasanezintasunak dira. Seguraski, ez daude lehen baino kasu gehiago, baina egia da diagnosian aurrerapauso handiak eman direla eta, horregatik, gaur egun, kasu gehiago ezagutzen dira. Zeliakiaren kasuan, adibidez, populazioaren %1a zeliakoa dela esan daiteke.

Bestalde, alergien kontua dago. Hemen bai, kasuak hazi egin direla esan daiteke, eta arrazoi nagusia oso higienistak garela da. Haurrak hain inguru garbietan izanda ez diegu bere defentsak garatzeko aukerarik ematen, hots, ez dituzte defentsa guztiak garatzen. Gainera, antibiotikoen kontua ere hor dago. Antibiotikoak oso modu desegokian erabiltzen dira, sarritan beharrezkoak ez direnean ere. Ondorioz, birusak eta alergenoak gogorragoak egiten dira.

Gazteen bizitzan badira zenbait une garrantzitsu, adibidez, azterketa garaiak. Ba al duzu une hauetarako gomendiorik?
Azterketa garaian elikadura zaintzea funtsezkoa da eta elikagai guztien gainetik, fruta asko jan beharko litzateke. Gazteek fruta gutxi jaten duten arren, azterketa garaian fruta jatea oso garrantzitsua da, ez bakarrik dituzten mineral eta bitaminengatik, baizik eta, bereziki, frutak dituzten azukreengatik. Ikasten ari garenean garunak lan handia egiten du eta azukrearen beharra du. Azukre mota desberdinak daude baina frutan aurkitzen den fruktosa eta glukosa oso egokiak dira kasu hauetan. Fruktosa mantsoki prozesatzen du gure gorputzak eta horrela, epe luzerako energia izaten dugu. Azterketa garaietan ere oso gomendagarriak dira zereal-barratxoak. Gazte askok erabiltzen duten sistema izan arren, nik ez nuke txokolatea gomendatuko. Gure gorputzak oso mantsoki xurgatzen du txokolateak duen azukrea, honek koipeak dituelako eta behin xurgatuta energia bapatean ematen du. Bapatean oso ondo sentitzen gara baina ahulezia azkar azaltzen da berriz ere.

Eta, azkenik, hilerokoarekin diren emakumentzako gomendioren bat?
Hilerokoarekin dagoen arriskua anemiarena da. Hilerokoan ematen den odol galtze horretan burdina galtzen da eta ondorioz, egun horietan, burdin hori berreskuratzeko aukera ematen diguten elikagaiak bilatu behar dira. Ohikoenak haragi gorriak eta lekaleak dira, txilistak etab… Era berean, bereganatzen den burdin hori guztia ondo prozesatzeko beharrezkoa da C Bitamina ere barneratzea. Hau, laranja, mandarina eta kiwietan aurki daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.