100 urte itsaso hondoan

1912ko apirilaren 15ean White Star konpainiako ‘RMS Titanic’ transatlantikoa hondoratu zen. Jazoera honen 100. urteurrena betetzear denean, ‘hondoraezina’ ezizenarekin ezagutzen zen itsasontzitzarraren hondoratzeak, oraindik ere, jende asko liluratzen jarraitzen du

1910. urteko apirilaren 10ean, Southamptoneko portua utzi zuenean, Titanic zen inoiz eraiki zen itsasontzirik handiena. Lau egun beranduago, hots, apirilaren 14an, 23:40 aldera, iceberg baten kontra jo zuen Ipar Atlantikoko ur izoztuetan. Bi ordu eta 40 minutu geroago, jada apirilaren 15ean sartuta, ozeanoaren hondora abiatu zen. Une horretan 2.223 pertsona ziren ontzian baina transatlantikoan ziren salbamendu-txalupetan soilik 1.178 pertsonetarako tokia zegoen. Gainera, horietako asko ez ziren bete. Adibidez, ureratu zen lehen salbamendu-txalupan, 65 pertsonetarako lekua izan arren, bakarrik 28 pertsona sartu ziren. Gau horretan, 1.522 pertsona hil ziren Titanic hondoratzean, baina bakarrik 306 gorpu berreskuratu ahal izan ziren. Gezurra badirudi ere, hildakoen artean hainbat haur eta emakume aurkitzen ziren, nahiz eta horiek salbamendu-txalupetan sartzeko lehentasuna izan. Modu berean, bizirik irten zirenen artean hainbat gizon aurkitzen ziren, gehienak lehen klaseko bidaiariak. Hil ziren haur eta emakume guztiak bigarren eta hirugarren klaseko bidaiariak ziren.

2009ko maiatzaren 31an bizirik geratzen zen azken bidaiaria hil zen; Millvina Deanek bederatzi aste besterik ez zituen Titanic hondoratu zenean. Bere ama eta anaiarekin batera salbamendu txalupa batean sartzea lortu zuen, ez horrela bere aita.

Lilurapena

Hondoratu zenetik 100 urte pasa diren arren, ez da Titanic bezainbeste lilurapen sortu duen itsasontzirik. Liburuak, pelikulak… asko hitz egin da historian izan den hondoratze sonatuenaren inguruan.

Titanicen hondoratzearen inguruan hainbat liburu idatzi arren, apika, zeresanik handiena eman duena hondoratzea baino 14 urte lehenago Morgan Robertsonek idatzi zuen ‘Futility’ izenekoa da. Izan ere, 1898an idatzitako liburu horretan Titan izeneko transatlantiko bat hondoratzen da iceberg baten kontra jo ondoren. Titanic bezala, Titan apirileko gau batean hondoratzen zen Ingalaterra eta New York arteko bidaia egiten, baina kasu horretan Amerikatik aterata. Kasualitatea? Bihozkada bat? Bada, ez bata eta ezta bestea ere. Titanicena ez zen garai horretan jazotako horrelako istripu bakarra. Izan ere, apirila izaten da iceberg gehien ikusteko aukera ematen duen hilabetea, ura berotzen hasten delako. Eta, noski, munduko itsasontzirik handiena imaginatzen duzunean, bere izaerarekin bat egiten duen izena jarri beharko zaio, ezta?

Titanic-en inguruko mito eta kondairak

Titanicek 100 urte emango ditu ozeanoaren hondoan. Urte horietan guztietan, transatlantiko horren eta bere hondoratzearen inguruko hainbat mito eta kondaira sortu dira. Hona hemen batzuk:

  • Garaiko itsasontzirik handiena eta aurreratuena izan arren, Titanicek diseinu akats itzel bat zuen: ez ziren salbamendu-txalupa nahikorik garraia zezakeen bidaiari guztientzat. Guztira 1.178 pertsona eraman zezaketen 20 salbamendu-txalupa zeuden.
  • Antza denez, Titaniceko kapitainak bazekien inguru horretan icebergak zirela. Hala ere, gehienezko abiaduran jarraitzea erabaki zuen, antza denez New York-era iristeko premia baitzuten. (RMS Olympic-ek ezarritako marka hautsi nahi zuten).
  • Titanic bere lehen bidaian hondoratu zen baina bere kapitainarentzat, John Edward Smithentzat, azken bidaia zen. Antza denez, Titanic New Yorkera eraman eta erretiratzeko asmoa zuen.
Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.